El Regatoko WSTA taldeko neskak izan dira Euskadiko X. First Lego Leagueko irabazleak

Bizkaie! 2019-02-18 10:41   Kulturea

Martian Tenerifen jokatuko dan estaduko finalerako sailkatu dira.



Astegoienean, Barakaldoko El Regato Ikastetxeko neskez bakarrik osotutako WSTA taldea izan da InnobasqueBarrikuntzearen Euskal Agentziak bultzaturiko First Lego League lehiaketan Euskadiko finalaren irabazlea proiektu honegaz: astronautak ariketa fisiko pasiboa egiteko jantzia.

Bestalde, Gasteizko Europa jauregian 2.500 lagun batu dituan lehiaketan, Donostiako Axular Lizeoko Overclock Axular eta Bilboko Begoñazpi ikastolako Insovnia taldeak izan dira, hurranez hurran, bigarren eta hirugarren sarien irabazleak. Hirurak izan dira talderik osoenak aurtengo erronkearen –zelan bizi urtebete espazioan– hiru eremuetan: zientzia-proiektua, robotaren jokoa eta First Lego League balioak. Ganera, Elburgoko (Araba) Tecnoclub alkarteko Lorditronic taldeak zientzia-proiektuaren saria irabazi dau. Horreek guztiak sailkatu dira martian Tenerifen jokatuko dan estaduko finalerako, eta apirilean Detroiten izango dan munduko finalerako leku bat lortzeko lehiatuko dira han.

First Lego League Euskadin parte hartu daben 100 talde baino gehiago animetan izan dira, Innobasqueko presidentea eta zuzendari nagusia, Manuel Salaverria eta Leire Bilbao be bai; Hezkuntza sailburua, Cristina Uriarte; Arabako Ekonomia Garapenerako foru-diputadua, Pilar García de Salazar; Gasteizko Enplegu eta Ekonomia Garapen Iraunkorreko zinegotzia, Nerea Melgosa; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa-zuzendaria, Amaia Eskisabel; Lander Intxausti, BAMeko zuzendaria eta Mirenbego Urrutia, UPV/EHU-ko Ikerketa Gizartera Zabaltzeko zuzendaria.

Horreekaz batera izan dira Sabino San Vicente, Euskaltel Konekta Fundazinoko zuzendaria; Iñigo Larrea, Mondragon Korporazinoko Talentu-arduraduna; Hugo Gurendez, Arabako Iberdrola Banaketako arduraduna; Meritxel González, Azti-Tecnaliako Marketin-arduraduna; Pilar García, Sener-eko Komunikazino-zuzendaria; Elías Unzueta, Barrikuntza-arduraduna Petronor-en; Ricard Huguet, Scientia Fundazinoko presidentea; eta María López Ortiz, Ausolan-eko Erakunde Harremanetarako arduraduna.

Gure artean erreferentzia dan STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) Hezkuntza-programea da First Lego League Euskadi. Nazinoarteko ekimena da, 6 eta 16 urte arteko ikasleentzat, aurten 98 herrialdetan jokatua 500.000 parte-hartzaile baino gehiagogaz. Innobasquek hamarkada bat daroa lehiaketa hau Euskadin bultzatzen, zientzia eta teknologiagazko interesa pizteko, gaitasun digitalak garatzeko eta funtsezko balioetan formakuntzea bultzatzeko.

Hamargarren edizio honetan, parte-hartze markea hausi dau Innobasquek 44 ikastetxetako 1.500 ikaslegaz, % 64 Bizkaikoak, % 20 Arabakoak eta % 16 Gipuzkoakoak. Horreek guztiak irailean hasi ziran euren proiektuetan eta, euren ikastetxeetan barruko-aukeraketa baten ondoren, guztira 900 gaztek defendidu ditue proposamenak Euskadiko finalean.

Lehiaketan kategoria bi bereizten dira edadearen arabera: First Lego League, 10 eta 16 urte arteko ikasleak lehiatu dira 58 taldetan; eta First Lego League Junior, 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu