Carlos Cánovasen argazkiak, Rekalde Aretoan
2019-02-15 13:53 KultureaBesteak beste, Bilboko Itsasadarreko industriaren gainbeherea agertzen da erakusketan.
Carlos Cánovas artistearen ibilbide luzeko argazki adierazgarrienak batu ditu Bilboko Rekalde Aretoak Denboran izeneko aldi baterako erakusketan. Ehun argazki ingurutan, 1980ko hamarkadatik gaur egunera arteko irudiak agiri dira, paisaiaren aldaketen lekuko. Argazki batzuk sekula argitaratu bakoak dira.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua egon da erakusketearen aurkezpenean, Carlos Cánovas artisteagaz batera. Gure ikus-memoriari egiten deutso erreferentzia eta, kasu askotan, gaur egun existitzen ez diran baina geuretzat eta hurrekotzat gogoratzen doguzan lekuak erakusten deuskuz, adierazo dau Bilbaok.
Natureak eta gizakiak eregitako paisaiak bat egiten dabe Cánovasen argazkietan, urietako mugetan, denporearen eta distantziaren interpretazino ugari egiteko aukerea emonaz. Artistea objektibidadearen asmotik urruntzen da eta lotura afektiboa ezarten dau espazioakaz. Zuri-baltzezko argazkiak dira.
Hainbat leku agiri diran arren, Euskal Herriari eta Bilbori lotutakoak dira aitagarrienetakoak. Izan be, industrializazinoaren sasoiko paisaia ugari dagoz, gaur egun goitik behera aldatuta dagozan lekuetan eginak. Itsasadarreko industria astunaren gainbeherearen azken urteak zehaztasunez dokumentau zituan Cánovasek, eta bilduma horretako argazkiak be badagoz Rekalde Aretoan.
Carlos Cánovas (Iruñea, 1951) 1970eko hamarkadatik ibili da argazkigintzan, baina 1980aren bueltan hasi zan bere estiloa lantzen. Hainbat lekutan erakutsi dabe bere obrea, esaterako, Bilboko Arte Eder Museoan (1994), Estadu Batuetan, Madrilen eta Valentzian. Liburuak be plazaratu ditu, eta unibersidadean irakasle izan zan.
Maiatzaren 15era arte egongo da zabalik Denboran erakusketea. Rekalde Aretoan sartzea doban da. Ganera, aurretik izena emon beharrik barik, bisitaldi gidatuak egingo ditue eguenetan, 18:00etan. Asteburuetan tailerrak egongo dira, ume zein helduentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!