Haizearen Orrazia kultura-ondasun kalifiketako proposamena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-02-15 10:35   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak eta Donostiako Udalak egin dabe eskabidea.

Gizartearen eta artearen ikuspegitik errekonozimendu nabarmena dauen ondasun horren balioa nabarmentzea da helburua, bai eta baldintzarik onenetan jagotea be. Bingen Zupiria sailburuak eta Eneko Goia alkateak azpimarratu dabe obrearen ingurune naturala be kontuan hartu dala gaur aurkeztutako babes-proiektuan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur aurkeztu dabe Haizearen Orraziaren Plazeak eta Eskulturek osotutako multzoa babesteko proiektua. Ekimen horren bitartez kultura-ondasun kalifikatu deklaratu nahi da Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren obra hau, Monumentu Multzo kategorian. Deklarazino horrek aukerea emongo dau ondasun horren balioa nabarmentzeko, errekonozimendu handia dauelako maila sozialean, artistikoan eta akademikoan, eta, era berean, baliogarria izango da erarik egokienean jagoteko eta bere irisgarritasuna hobetzeko. Eskultore donostiarraren seme Pedro Chillidak eta plazearen egile eta arkitektoaren alaba Rocío Peñak be parte hartu dabe aurkezpenean.

Pausu horrek dauen garrantzia azpimarratu dau Bingen Zupiria sailburuak, obra horren balioa nabarmentzearren eta mantentzea ziurtatzearren: Haizearen Orraziaren Plazeak eta Eskulturek osotzen daben multzoaren kalifikazinoa Monumentu Multzo legez, obreagaz eta bere egileakaz errekonozimendu sozial bat ez eze, bide bat da ondare honen mantentze egokia ziurtatzeko. Ekimen honen bitartez euskal gizarteak beste pausu bat emon nahi dua Haizearen Orrazia eta honen egileak autortzeko, bai eta multzoa jagotea bermatzeko be, adierazo dau.

Eneko Goia alkateak eskertu egin dau Eusko Jaurlaritzeak Monumentu Multzoari babes maila gorena emoteko erakutsi dauen azkartasun eta prestasuna, orain hilebete batzuk Donostiako Alde Zaharra babesteko egin eban moduan: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gure uriagaz dauen inplikazino eta konpromisoa nabarmentzen dau horrek, esan dau. Eneko Goiak azpimarratu dau Haizearen Orraziaren babes maila gorena behar beharrezkoa dala, multzo guztiari merezidu dauen balio eta errekonozimendua emoten deutsolako: Haizearen Orrazia ez da Donostiaren ikurra; uriaren ondarea da, gure herriko ondarea be bada, baina ausartuko naz esaten gizateriaren ondarea be badala.

Alkateak azaldu dauenez, Jaurlaritzeak onartu dauen dekretuaren ondorioz, etorkizunean Udalak egin beharreko jagote lanak babes neurriak kontuan harturik egin beharko ditu. Ganera, azaldu dau Udala lanean dabilela mendi-magalaren babes proiektuan, baita multzo guztiari irisgarritasun hobea eskaintzeko lanetan be.

Babes-proposamena gaurko Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratua izan ondoren, 20 eguneko alegazino-aldiari emoten jako hasierea, bihartik aurrera kontauta. Alegazinorik ez balego, Gobernu Kontseiluak Dekretu bidez onesteari ekingo deutso, eta Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuko da Haizearen Orraziaren plazearen eta eskulturen Multzo Monumentala, bere ingurunea barruan dala. Bestalde, babes hori ezinbesteko baldintzea da UNESCOk Gizadiaren Ondare izentetako balizko prozesu bati hasierea emon gura bajako.


Haizearen Orrazia

Haizearen Orraziaren inguruneak, 1926an urbanizautakoak, izakera periferikoa izan eban, harik eta 1977an Eduardo Chillidaren eta Peña Gancheguiren obrearen eraikuntzea amaitu zan arte. Babes-espedienteak gogora ekarten dauen legez, proiektuaren ekimena urte batzuk lehenago sortu zan eta, 1968an uriak proponidu ebanean Eduardo Chillidari bere ibilbideagaitik omenaldi bat egitea, egileak berak planteau eban obra iraunkor bat jarteko aukerea. Donostiako Udalak onartu egin eban proposamena, eta plaza baten sorkuntzea gehitu jakon proiektuari. Luis Peña Ganchegui kontratetea gomendatu eban eskultoreak, eta 1974an Tenis plazea izena emon eutson proiektua idatzi eban harek.

Plazea eregiteko lanak 1976ko martian hasi ziran eta multzo osoa 1977ko irailaren 3an inaugurau eben. Proiektua uriaren ikono bihurtu zan, Euskadiko ingurune ezagunenetako bat eta nazinoartean ospea zabaldua dauen multzoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu