Guatemala eta Nafarroa lotu ditu Miel A. Elustondok
2019-02-13 12:09 Kulturea(H)Ilbeltza Bekearen lehenengo edizinoko irabazle izan zan Kezko bola batek itoak birikak nobelea.
Kazetaria eta argazkilaria da Miel A. Elustondo, baina literaturan be sartu-urten ugari egindakoa da, itzulpenetan gehienbat. Hori dala eta, nobela baten proiektua aurkeztu eban (H)Ilbeltza Bekearen lehenengo deialdira, eta epaimahaiak saria emon eutsan. Urte bi geroago, kalean da Kezka bola batek itoak birikak. Istorio baltza, iluna, baina baltzaren barruko kolore guztiak be erakusten dituana.
Hilketak, sikarioak eta kontu zikinak dira nobela barriaren ardatzetako batzuk, baina ez bakarrak, Elustondok istorioa bere erara egokitu dau eta. Geografiaren aldetik, Guatemala eta Nafarroa alkartzen ditu, baita Dakotako lakota herriaren erreserbea be.
Helena protagonistea Guatemalara doa, sikario baten bila, eta Nafarroara ekarten dau Ñaña izeneko hiltzailea. Istorio nagusi horretatik beste hari batzuk be atera ditu Elustondok. Ganera, fikzinoagaz batera agertzen dira azkenaldion Nafarroa astindu daben kontu ilun batzuk: CAN auzia, Aroztegia proiektua... Protagonista nagusiez gan, Garbiñe, Johnny Douglas, Amerika eta On Jaimeren gorabeherak be topauko ditu irakurleak liburuan.
Baztanegaz lotura estua dau nobeleak, kontakizunean bertan zein hizkeran. Izan be, euskerazko ereduaren bila Baztango hizkerara jo dau Miel A. Elustondok, han entzundako berba eta esamoldeak erabili ditu idazteko orduan. Baztango hizkeran oinarritutako euskera batua da, zelanbait.
Txalaparta argitaletxeak plazaratu dau Kezka bola batek itoak birikak, etxe hori arduratzen dalako (H)Ilbeltza Bekako sarituen lanak argitaratzeaz. Lehenengo deialdia irabazi eban Elustondok, eta bigarrena Josu Barambonesek, Patricia Highsmithen The Blunderer euskeratzeko proiektuagaitik. Hirugarren edizinorako deia zabalik dago, maiatzaren 10era arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!