Gasteizen 100 talde baino gehiago izango dira X. First Lego League-ren finalean

Bizkaie! 2019-02-12 08:01   Kulturea

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 100 talde baino gehiagotako 900 ikasle inguru lehiatuko dira, hilaren 16an.

Espazioan urtebetez bizitea zer izango litzatekeen irudikatzea: erronka horri erantzun beharko deutsee ia 900 ikaslek datorren zapatuan, zezeilaren 16an, First Lego League Euskadiko Finalaren hamargarren edizinoan; Gasteizko Europa jauregian izango da Innobasque-Barrikuntzearen Euskal Agentziak antolatuta.

First Lego League Euskadik 10 urte bete ditu aurten, eta erreferentziazko programea da Euskadin STEAM (ingelesezko siglen arabera, Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) hezkuntzan. Helburua zientzia eta teknologia euskal gazteakana hurreratzea da era dibertigarrian. Holan nabarmendu dau gaur Innobasqueko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, berak aurkeztu dauelako prentsaurrekoan euskal final handia, kirol-ekitaldi formatua dauena.

Gaur aurkeztutako lehiaketearen hamargarren edizinoan EAEko 44 ikastetxe, 100 talde baino gehiago eta ia 900 ikasle lehiatuko dira. Parte hartzen daben ikastetxeetako % 64 Bizkaikoa da, % 20 Arabakoa eta ganerako % 16 Gipuzkoakoa.

Taldeek robotaren jokoan be parte hartuko dabe eta Lego Mindstorms robota, zenbait misino osotzeko diseinau eta programau dabena, aurkeztue eta First Lego League balioen alde egingo dabe, proiektuak barrikuntza, inklusino eta talde-lan espirituagaz egin dituela erakutsiz.


Hezkuntza-lehiaketa 98 herrialdetan

First Lego League nazioarteko hezkuntza-programa bat da, zientzia eta teknologiari jagokonez, gazteen interesa piztu gura dauena, baita mundu digitalean euren gaitasunak garatzea eta balioak sustatzea be. Aurten mundu osoko 98 herrialdetan egingo da miloe-erdi ikasle baino gehiago tartean izango dirala, eta munduko finala apirilean izango da AEBetako Detroit urian.

Orain hamar urtetik hona Barrikuntzearen Euskal Agentzia da nazinoarteko programa honen buru eta antolatzaile Euskadin STEAM Hezkuntzea bultzatzeko euskal ume eta gazteen artean. Ikasteko eredu barria da, zientziaren, teknologiaren, ingjinerutzearen, arteen eta matematikearen irakaskuntzan oinarritua, baina era integratuan eta ez ezagutza-arlo bereizietan, eta diziplinarteko ikuspegi praktikoagaz.


Boluntarioak

Hamarkada bateko ibilaldiaren ondoren, First Lego League Euskadi Espainian egiten diran 31 lehiaketetako handiena da. Neurri horri esker boluntarioen figurea Innobasquek sustaturiko eredu propioaren funtsezko zutabea da; aurten 200 persona izango dira, epaile, arbitro edo taldeen laguntzaile jardungo dabenak.


Lehenengo Micro First Lego League

STEAM hezkuntzea sustatzeko Barrikuntzearen Euskal Agentziaren eta Mondragon Korporazinoaren arteko hitzarmenaren emoitza legez, joan zan urtarrilaren 19an lehen aldiz lehiaketa ez-sailkatzaile bat egin zan, microFLL deitua, Mondragon Unibersidadeak Arrasaten dauen Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren egoitzan. Hitzorduak esperientziak trukatzeko eta First Lego League Euskadiko finala baino hilebete lehenago entrenamendu bat egiteko aukerea eskaini eutsen 20 talderi.


Laguntzaileak

First Lego League Euskadin, Barrikuntzearen Euskal Agentziagaz alkarlanean dabiz Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta ondoko konpainiak: Azti-Tecnalia, Iberdrola, Euskaltel Konekta Fundazinoa, Mondragon Korporazinoa, Petronor Barrikuntzea eta Sener.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu