Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador Plateruenan

Bizkaie! 2018-10-09 13:06   Musikea

Abenduaren 5etik 9ra arte kontzertuak egongo dira Durangoko Azokearen barruan.

Plateruena kontzertu handien plazea izango da abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokearen barruan. Landako eta ganerako guneetako ateak zarratu ostean, azokazaleek kulturaz eta giroaz gozetako aukerea izango dabe Kafe Antzokian. Aurten Plateruenak izen handiko bost kontzertu dakarz: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador.

Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldeagaz. Udan Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo be kontzertu ugari eskaini eta gero, talde gipuzkoarra disko barria grabetan dabil buru-belarri, eta prest izango dau Durangoko Azokarako. Kontzertua 23:00etan hasiko da.

Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23:00etan, euskal musikearen izen handienetako baten txandea helduko da: Esne Beltza. Xabi Solanok gidatzen dauen taldea disko barria grabetan dago Mark Dasousa produktore valentziarragaz (Zoo, Smoking Souls, Aspencat). Itsumutugor bireagaz Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan ibili dira udan, eta Azokan zuzenekoa eskainiko dabe disko barria aurkezteko.

Abenduaren 7an, Modus Operandi talde barriaren kontzertua izango da, 23:00etan. Talde barria dan arren, taldekideak ibilbide luzekoak dira: Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu barri honetan Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu ditu, ska musikea eta fusinoa lantzeko.

Hurrengo egunean, aurkezpenik behar ez dauen talde bat ikusiko dogu Plateruenako eszenatokian; 25 urte bete dira Anestesiak Gorrotoaren ahotsa diskoa grabau ebanetik, eta urtemugea ospatzeko biniloa argitaratuko dau talde zarauztarrak, jatorrizko diskoaren hainbat moldaketakaz. Kontzertua 23:00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko erosi daitekez Plateruenaren webgunean (aldez aurretik 10 euroko prezioan, bertan 12 euro).

Azkenik, Azokea amaitzeko proposamen lasai eta intimoagoa izango dogu abenduaren 9an; Olatz Salvadorrek Zintzilik bere lehenengo disko arrakastatsua aurkeztuko dau Durangon, 20:00etatik aurrera, sarrerea mosu-truke.

Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu