Mendi Tour: Amorebieta-Etxano, Endoia, Burgos, Madrid, León eta Salamanka

Bizkaie! 2018-10-02 08:55   Zinemea

9.000 ikusletik gora batu dira honezkero 2018an eskainitako Mendi Tour saioetan.

Bilbao Mendi Film Festival-eko ale onenen eskaintzea batera eta bestera dabil. Mendi Tour-ak urrian 6 geltoki izango ditu: Amorebieta-Etxanon bihar, eguaztena hilak 3, eta Endoian barikuan, hilaren 5ean, eskainiko dira lehen saioak; Madrilen bosgarren edizinoa beteko dau Mendi Tourrak (urriak 15-16-17-18); eta Gaztela eta Leongo aurtengo eskaintza bateratuan, Burgos (urriak 8-9-10), Leon (urriak 22-23) eta Salamankak (urriak 22-23) hartuko dabe Valladoliden lekukoa.

Amorebieta-Etxanoko etzikoa Zornotzako Mendi Asteko egitarauko hitzordua da, Ametx Erakunde Autonomoa dau babesle, eta Zornotza Mendi Taldea eta KINE Zinekluba dira kolaboratzaile. Zornotza Aretoan da saioa, 19:30ean hasiko da, eta sartzea doban da aretoa bete arte.

Endoian Itziarko Auzo Udala, Zestoako Udala eta Debako Udala buztartu dira Zestoako Agiro mendi kluba eta Gaztendoia Endoiako Auzo Alkarteagaz batera. Hangotarra da Irene Sarrionandia -Durangaldeko Oromiño auzokoa sortzez, Deban bizi da-, Mendi Tour honetan eskainiko dan Aurrera filmako protagonistea, eta filma aurkezteaz batera bere zaletasunaz berba egingo dau: mendian gora eta behera ibiltea. The Great Alone filma entzutetsu eta saritua aurkezteko, barriz, Itoitz Armendariz eta Eneko Agirre musherrak batuko dira Endoiara; ez bakarrik ganera: euren txakurrak eta lehiaketetako lerak eroango ditue saioa hasi baino ordubete lehenago erakusketea egiteko, bertaratzen diranek mushing edo txakur-leren munduari buruz gehiago jakin deien. Endoiako eleizan hitzordua beraz, 18:30ean erakusketeagaz eta 19:30ean hasita filmeakaz; sartzea libre aretoa bete arte.

Zineuskadi da aitatu Mendi Tourretako bidelaguna, euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatu eta laguntzen dauen alkargoa.

Urriko beste Mendi Tourrak Gaztela eta Leongo hiru uriburutan, eta Madrilen egingo dira. Gaztela eta Leongo Erkidegoa, bertako mendi federazinoaren eskutik, aitzindaria izan da Mendi Tourra lau uriburutan aurkezteko planteamendu bateratua egiten. Valladoliden izan zan lehenengoa, eta Burgosek hartuko dau datorren astean lekukoa, hilaren 8-9-10ean, Vangolem Arlanzón zinemetan. 22-23an helduko dira Leon eta Salamankako hitzorduak, Cines Van Gogh eta Cines Van Dyck zinemetan ondoz ondo.

Madrilen bosgarren urtez aurkeztuko da Mendi Tourra, bertako kultur agendan erreferente bihurtutako hitzordua. Uri erdigunean dagoan Cines Golem aretoetan eskainiko dira lau egunez mendiko filmak. Golem eta BMFF bidelagunak dira bai Bilbon festibal nagusia egiten dan egunetako kolaborazinoa zein Mendi Tour sarea ahaztu barik.

Madrilgo eta Gaztela eta Leongo Mendi Tourrak Ternuak babesten ditu, abenturazaleak diranen eta outdoor espiritua dabenen erropa markea. Aitatu uriburu honeetako bakotxera batzen diran ikusleek Ladakh jake banaren zozketan parte hartzeko aukerea izango dabe, alpinismorako goi mailako jakea, luma birziklatuakaz egindakoa, Alberto Iñurrategik probauta. Madrilen batuko dan babeslea RSEA Peñalara mendi kluba da, eta laguntzaile dira Madrileko Poloniako Kultutako Institutua, Mendizaletasuneko Madrileko Federazinoa eta Outdoor Sin Límite dendea. Desnivel liburudendea da media partnerra.

Batean eta bestean eskainiko diran filmetako asko Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. edizinoan sarituak izan ziran, eta bada bat 9. edizinoko sarituetatik berreskuratu dana be:

Sari Nagusia + Ikusleen Saria BMFF'17: Dirtbag: The Legend of Fred Beckey.
Epaimahaiaren Saria BMFF'17: Mama.
Epaimahaiaren Saria BMFF'16: The Great Alone.
Zuzendari Onena BMFF'17: Ben Page The Frozen Road.
Eskaladako Film Onena BMFF'17: Safety Third.
Kultura eta Natura Film Onena BMFF'17: The Last Honey Hunter.
Epaimahaiaren Aipamen Berezia BMFF'17: Mountain.
Sail Ofiziala BMFF'17: Al Otro Lado de la Cuerda.
Sail Ofiziala BMFF'17: Aurrera.
...

Saio honeek guztiak BMFF-ko kideek aurkezten ditue, eta filmak Jatorrizko Bersinoan eskaintzen dira azpidatziakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu