Bideoartea bultzatuko dau Arte Eder Museoak
2018-05-23 09:29 KultureaMultibertso programearen parte izango da, BBVAgaz sinatutako akordioari esker.
Bideoartea sustatzeko Multibertso beken programea Bilboko Arte Eder Museoaren eta BBVA Fundazinoaren artean antolatuko dabe aurrerantzean, hitzarmenaren arabera. 2017an adostutako lankidetza akordioaren jarraipena da honako hau. Helburuak honeek dira: Formatu eta hizkuntza barrietan oinarritutako adierazpen artistikoak ezagutzera emotea, museoan erakutsiz, eta, bestetik, museoa era horretako sorkuntza garaikidearen abangoardian kokatzea, barrikuntzea eta izakera esperimentala bereizgarritzat hartuta.
Orain sinatutako lankidetzea urte bikoa izango da, gitxienez, 2018ko beka-deialdiagaz hasita. Hitzarmen barri honen bidez, museoak eta BBVAk batera kudeatuko ditue bekak; hasteko, onuradunak hautatuko ditue, eta, ondoren, garatutako proposamen asko museoan jarriko dira ikusgai.
Holan, bideosorkuntzako prozesu osoari laguntzinoa emoteko helburua beteko da, sortzaileei sorkuntza-lanak garatzeko babesa eta lanak museoan erakusteko aukerea emonaz, bideoartearen arloan sortzaileek egiten daben lana gizarteratzeko.
Hain zuzen be, hitzarmen hau sinatzeagaz batera, bideoarteagaz lotutako ekimen baten barri emon dau Arte Eder Museoak. Madrilgo Prado museoko obretan eta espazioan oinarritutako sorkuntza bi Bilbon ikusi ahal izango dira hurrengo asteotan: Bideoa da bat, bideoinstalazinoa bestea.
Álvaro Perdicesek BELTZA eta Argia bideoa sortu dau, ordu bi baino gehiagokoa, eta orain erakutsiko dabe lehenengo aldiz, Bilbon. Pradoko aretoei eta artelanei buruzko saiakera filmiko eta fotografiko bat da, gauez egindakoa. Iluntasuna eta baltza agertzen dira monokromiak eratuz, eta artelanen argiak eta haren islek eten egiten ditue, alde figuratiboa, abstraktua eta objektuala buztartuta.
Bestetik, Bosch artista ezagunaren Gozamenen lorategia artelan triptikoa abiaburutzat hartuta, Álvaro Perdices artisteak eta Andrés Sanz zinemagileak Lorategi amaibakoa. Bosch dala-eta 70 minutuko bideoinstalazinoa sortu dabe. Multiproiekzino ikusgarri honek (16 bideo-kanal eta 10 audio-pista ditu) aukerea emoten dau triptiko ospetsua modu sensorialean eta pertzeptualean bizi izateko. Arte Eder Museoko 33. aretoan dago ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!