Alardeen gatazkearen ganeko liburua plazaratu dabe

Bizkaie! 2018-05-18 10:23   Kulturea

Arantxa Iraolak eta Maite Asensiok ondu dabe Alardea, ukatutako plazara lana.

Alardeen ganean berba egiten danean, askotan, jenteari burura jatorkon galdera bat izaten da ia zelan sortu zan horren gatazka gogorra, eta honegaz batera, zergaitik luzatu dan horrenbeste. Alardeak, ukatutako plazara lanak galdera horreen guztien inguruko hausnarketak batzen dituala azaldu dau Arantxa Iraola kazetariak. Bera da, Maite Asensiogaz batera, Elkar argitaletxeak argitaratu dauen liburu honen egilea.

Kazetari biak Irun eta Hondarribiako herritarrakana jo dabe eretxi bila, batez be alarde parekidean lehen lerroan ibili diranakana, baina baita bestelako sensibilidadeetan dagozanakana edo adituakana be: antropologoak, soziologoak, historialariak… izan be, Iraolaren ustez, azken honeek be lekua dabe galdera horreen inguruan sortzen diran hausnarketa batzuk harilkatzeko.

Liburuak sei atal ditu, lehenengoak gatazkearen kronikea jasoten dau eta horretarako, alderdi parekideen aldeko hainbat testigantza batu ditue. Hortik aurrera, gatazkea hainbat ikuspegitatik aztertu dabe, gai honen sakontasunaren atzean zer dagoan hobeto ezagutzeko, bai ikuspegi juridikotik eta bai ikuspegi politiko bietatik be. Asensiok azaldu dauenez, bizikidetzeari be erreparau deutsagu jakiteko gaur egun zelakoa dan gatazkeak herri honeetan dauen inpaktua. Azkenik konponbideari begiratu nahi izan deutsie eta horretarako ahalik eta ekarpen eregitzaileena egiten saiatu dirala dino Asensiok.

Maite Asensio (Bilbo, 1983) kazetaria da Berria egunkarian, eta kazetaritzan genero ikuspegia txertatzeko hainbat egitasmotan be ibilia da. Prentsako Argia saria emon eutsien 2014an, bardintasunaren esparruan egindako lanagaitik.

Arantxa Iraola (Errenteria, Gipuzkoa, 1972) kazetaria da eta batez be prentsa idatzian egin izan dau lan. Hasieran, Euskaldunon Egunkaria-n ibili zan eta aurrerago Berria-n, hortxe dihardu gaur egun be. Gizarte gaien jira-bueltan ibili da gehienetan. Agifes buruko gaixotasuna dabenen eta hareen senideen Gipuzkoako alkarteak atondutako Kazetaritza eta Buru Osasuna sarietako bat eskuratu eban 2015ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu