EAEko haizeolen ondarea berreskuratu dabe

Bizkaie! 2018-05-18 08:14   Kulturea

EHUko ikerlarien ahaleginak emoitza bikainak emon ditu.

Haizeolea martxan (argazkiak: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Haizeolak eskuz dabizan olak dira, hau da, erreketako uraren indarrez martxan jarten diran olak agertu aurrekoak. Euskal Herrian aparteko garrantzia izan eben haizeolek burdin-minerala metal bihurtzeko prozesuan, baina orain arte ahaztuta egon dira. Ondare hori suntsitzen ebilela eta, EHUk egitasmo bat abiarazo eta horri esker 350 haizeola baino gehiagoko inbentarioa egin dabe.

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko adituek azaldu dabenez, 2.000 urtez haizeolak ugariak izan ziran Euskal Herrian. Gitxi gorabehera, K. a. V. mendetik K.o. XV. mendera, burdina produziduteko modu hori erabili zan. Oletan energia hidraulikoa erabilten hasi baino lehen, eskuz egiten zan lana, baina, halandabe, haizeolak teknologia oso findua ebela dinoe EHUko ikerlariek.

Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoaren ekimenez hasi eben EHUkoek azterlana, orain dala 15 urte inguru. Haizeolak lur azpiko egiturak izaten diranez, desagertzeko arriskuan egozan. Ondare hori behar dan moduan babestu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzara jo eben adituek, eta agintariek inbentarioa egiteko eskatu eutsien.

Euskal Autonomia Erkidegoan 350 haizeola inguru katalogau ditue, ikerketea hasi aurretik ezagutzen ziranak halako bost. Bizkaian topau ditue gehien, 170 inguru. Gipuzkoan be asko dira, 150 bat. Araban, beste 25 agertu dira.

Hori gitxi ez, eta Europan parekorik ez dauen haizeola klase barri bat identifikau dabe. Orain arte Euskal Herrian baino ez dira agertu era horretako haizeolak. Aho zabaleko ontzien itxurako labeak dira, eta, ganerako labeen kontrara, goiko aldetik sartu eta ateratzen da kargea, hori dau berezia, azaldu dau Javier Franco EHUren lantaldeko kideak.

Berezitasun horrek aldatu egin dau Europako historian burdin-labeek izandako eboluzinoari buruz pentsetan zana. Zaharrenak katilu-formakoak dira, lurrean egindako barrunbeak; ondoren, erromatarrek labe garatuagoak eta eraginkorragoak egin zituen, kono-enbor formakoak. Teorian, gurea, ontzi-formakoa, erromatarrena baino lehenago agertu zan, baina, egia esan, askoz geroago be erabili izan zan Bizkaian eta Gipuzkoan, Erdi Aro betean, dino Francok.

Hamabost urteko ikerlanetik ateratako datu eta ondorio ugari bere doktore tesia egiteko erabili ditu Javier Francok, batez be Bizkaiko historiari erreparauta: Arkeologia eta Paleosiderurgia prehidraulikoa Bizkaian (III-XIV. mendeak). Antxinako haizeoletako langileen arrastoen bila izenburua dau tesiak.

Ikerketearen emoitza nagusiak aurkeztu dituan arren, EHUko adituak ikerlanean dabiz oraindino, aurkikuntza gehiagoren bila. Bizkaiko haizeola zaharrenetako hiru ikertuko ditue, erromatarren sasoikoak eta Antxinaro Berantiarrekoak, Diman, Galdakaon eta Artzentalesen. Baita Gipuzkoako Intxaurreta haizeolea be.

Javier Franco, EHUko ikerlaria

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu