Maiatzaren 4ko tanborradeagaz hasiko da Herri Urrats

Bizkaie! 2018-04-27 10:59   Euskerea berbagai

Hilaren 13an, ostera, Korrontzi, Anita Parker, 2zio eta abarrek joko dabe Senperen.

2018ko Herri Urrats jaiaren barri emon dau Seaska alkarteak eta egitarauan ekintza berezi bat jaso dabe; ezohikoa, Ikastolen jaiaren aurreko asteburuan, maiatzaren 4an egingo dabelako, baita aldarrikapena izango dalako be. Baionan egingo daben tanborradearen bidez, Ipar Euskal Herriko ikastolentzako baliabideak eskatuko deutsiez Frantziako Gobernuari.

Izan be, Parisko hezkuntza agintariek ez dabe aintzat hartu Seaskaren sareak azken urteotan izan dauen hazkundea. Gero eta ume gehiago doaz ikastoletara, baina Estaduak ez ditu irakasle-plaza gehiago bideratu nahi. Hartara, Seaskak egoera larria dala jakitera emon dau, ikasgela bakotxean neska-mutil gehiegi sartuta, ezin izango dabelako kalidadezko hezkuntzea emon.

Egitaraua aurkezteko Baionan egindako agerraldian, Paxkal Indo Seaskako arduradunak azaldu dau, orain, Frantziako Gobernua ikastolei lau irakasle-plaza barri emoteko prest dagoala. Hori gitxiegi eta eskaintza iraingarria dala esan dau Indok. Seaskaren eskaria argia da, 25 plaza behar ditue.

Hortaz, Baionako tanborrada erraldoiak zabalduko dau aurtengo Herri Urrats. Danetara,  3.700 ikaslek parte hartuko dabe, tanborra joten. Ikastolen Alkarteko Koldo Tellituk Seaskaren aldarrikapena babestu eta maiatzaren 4an Baionara joateko deia egin dau.

Dana dala, ohiko moduan, maiatzeko bigarren domekan, 13an, izango dira ganerako jarduerak, betiko lekuan, Senpereko lakuaren inguruan. Kontzertu zerrenda luzea atondu dabe, eta tartean 2zio taldea egotea nahitaezkoa zan, izan be, euskerazko rap talde horrek egin dau 2018ko Herri Urratsen abestia.

2zio-gaz batera, izen handiko artistak egongo dira Senperen: Anita Parker, Korrontzi, Josea Tapia eta Besamotzak, The Inspector Cluzo, Oihan Vega eta abar. Horrezaz gan, umeen txokoa, bertsolariak, abentura ibilbidea, tailerrak eta beste jarduera ugari egongo dira. Hori guztia, zazpi gunetan banatuta, Euskal Herriko herrialde bakotxeko bat.

Behean egitaraua:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu