Jantzan egiteko momentua heldu da
2018-01-02 11:16 MusikeaAnita Parker taldeak elektro-swing estiloko abestiez osotutako diskoa dakar Mauka diskoetxearen eskutik.
Jentea jantzan jarteko jaio da Anita Parker, izan be, euskal musikearen panoraman ohiko estiloetatik urrun dago taldea, elektro-swing-a da berea eta Izar Gorria izenpean kaleratu dau laukoteak lehenengo diskoa.
Gose taldeko Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoronek jarri dabe martxan Anita Parker. Hasieran, Goserako musikea sortzen egozan, baina Arrasateko hirukoteak aurrera egiten ez ebala ikusita, musikari biek euren bidea hartzea erabagi eben eta Ane Martínez, Zango taldean ibilitakoagaz eta Skalariak taldeko musikari ohi Olatz Anduezagaz batera, izena eta abizena dauen taldea sortu eben.
Laukoteak Shot estudioetan grabau dau lehenengo lana, Gose taldeak erabilten eban musika laborategi berean. Izar Gorria sei abestiz osotu dabe, halandabe, beste horrenbeste pieza be grabau ditue zuzenekoetarako abestiak izateko, dinoe. Diskoa sortzeko bidean, lagun ugari izan ditue alboan: Ricardo Altunak esaterako, Izar Gorria abestian kantau dau, Arkaitz Biainek Amaia kantuan ahotsa sartu eta testuak egin ditu. John Kaimanek bonbardinoa jo dau Orain eta Beti lanotan. Zigor DZ dj-a da Michelle abestian. Inazio Olaizolak koruak egin ditu Orain eta Betin eta Koldo Uriartek pianoa jo dau Bitxon.
Ilusinoz betea kaleratu dabe euren lehenengo lana eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat oholtzetan izan dira: Tolosako Bonberenean, Hatortxu Rocken eta eta Durangoko Ahotsenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!