Zirku garaikidea bultzatzeko laguntzinoa jasoko dabe euskal konpainia bik
2017-11-07 11:14 ZinemeaDe mar a mar mugaz haragoko programako egoitzetako bi irabazi ditue.
Pirinioen inguruko eskualdeetako zirku konpainiei bultzadea emoteko deialdia zabaldu eben maiatzean, De mar a mar egitasmoaren barruan. Europako erakundeakaz batera, Bilboko Udala dago ekimen honen bultzatzaileen artean, eta euskal konpainia batzuk be aurkeztu ziran. Danetara, 90 hautagai egon dira, Akitania, Aragoi, Katalunia, Euskal Herria eta abarretakoak.
Europako programatzaile eta adituek osotutako epaimahaiak 17 konpainia aukeratu ditu: Sei bilaketearen alorrean, beste sei indarra hartzen dagozan artisten atalean eta azken bostak dagoeneko finkatuta dagozan artisten artean. Euskal konpainia bi dagoz tartean: Cía Barre, bilaketearen modalidadean eta Dikothomiako Endika Salazar, indarra hartzen dagozan konpainien atalean.
Sorkuntzeari lotutako egoitza edo laguntzino honeen helburua konpainiei euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukerea eskaintzea da, hainbat erakusketa saregaz hartu-emona egin daien. Ganera, zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea da asmoa, formatu ugaritan aurkezteko eta nazinoartera heltzeko moduko ikuskizunak sortzen lagunduz.
Aukeratutako konpainiei sorkuntzarako zein ikerketarako espazioak lagako deutsiez, laguntzino artistiko zein teknikoa emon eta finantziazinoa eskainiko jake. Cía Barre-ren kasuan, bilaketearen atalean dagoan ezkero, proiektu zehatz bat baino, ikerkuntzan ibiliko da programa honetako babesari esker. Endika Salazarren Dikothomia, ostera, 2018ko Bilboko Kalealdirako ikuskizun bat atontzen dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!