Gaur hasiko dira Zinexit topaketak Bilbon

Bizkaie! 2017-11-06 10:04   Zinemea

Gai soziala lantzen daben bost estreinaldi eskainiko ditue eguenera arte.

Zinexiteko aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak bultzatzen dau urtero Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketa hau. Aurten zortzigarren edizinoa dau eta urtero legez, munduan hainbat lagunek bizi daben errealidade gordina erakustea da helburua, horretarako, alkartasuna bultzatuz, hausnartuz eta parte hartzea sustatuz.

Gaur emongo deutsie hasierea Zinexit-i eta eguenera arte jatorri desbardina baina gai bera jorratzen daben bost film estreinauko ditue. Zalantzazko etorkizun baten bila, euren etxeak laga eta iges egitera behartuta, gero eta gizaki gehiagok bizi daben bidaia arriskutsuaren eguneroko dramea jorratzen dabe danek.  

Gaur The Good Postman (Postari ona) filmaren estreinaldia izango da. Bihar, barriz, Les Sauters (Saltakariak) dokumental sarituaren txandea izango da. Eguaztenean Marija fikzinozko pelikulea estreinauko dabe eta hilaren 9an, eguenean, programa bikotxa eskainiko dabe: lehena, migrazino krisiaren drameari aurre egiteko euskal boluntarioen lanaren ganeko Zuk dokumentalaren proiekzinoa eta bigarrena A 15 metros de Siria dokumentalarena.

Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan, arrastiko 19:30ean izango dira emonaldi honeek guztiok eta ondoren, ikusle guztiei zuzendutako barriketaldiak egingo ditue protagonista eta gonbidatuakaz batera. Sarrerea dobakoa izango da.

Honetaz gan, ikasleentzako emonaldiak be atondu ditue, irakaskuntzan be Giza Eskubideak jorratzea helburu dauen Zinexit Eskola programearen bitartez.

Joan dan urtean egin eben legez, aurten be Zinexit-ek  beste euskal udalerri batzuetara zabalduko dau bere programazinoa, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketa honetaz herritar gehiagok gozau ahal izateko eta benetako bizipenen bitartez, munduko hainbat migrantek bizi daben egoera dramatikoez jaubetzeko.

Hortaz, Marija  filma zemendiaren 10ean, barikuan, 19:30ean ikusi ahal izango da Getxoko Zine Klubean, 15ean, eguaztenean, Gasteizko Florida Zinema aretoetan eta 22an, eguaztenean, Barakaldo Antzokian. Horrezaz gan, hilaren 22an, 19:00retan, Mediterranea filmaren emonaldia izango da Basauriko Social Antzokian.

Zinexit-en helburua da bizikidetzea bultzatzea, gizaki guztien oinarrizko eskubideak eta duintasuna errespetauta, eta alkarrenganako errespetuan ideak, nahiak, printzipioak eta balioen ganean eztabaidatzeko baliagarriak izango diran uritar eta gizakientzako guneak sortuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu