Luke Eve australiarrak irabazi dau Seriesland-eko sari nagusia

Bizkaie! 2017-10-30 10:10   Zinemea

High Life telesailagaitik emon deutsie Urrezko Otsoa.

Luke Eve, irabazlearen txapela eta guzti, antolatzaileakaz eta epaimahaikideakaz batera (argazkia; Seriesland) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Seriesland, internet bidezko telesailen nazinoarteko jaialdiak, hirugarren edizinoko sariak banatu ditu asteburuan. Dozenaka webserie eta ikus-entzunezko proiektu ikusi ahal izan dira egunotan Bizkaiko uriburuan, zuzendari eta sortzaileakaz berba egiteko aukerea be izan dau publikoak eta, hori guztia biribiltzeko, amaierako galea egin eben Guggenheim Museoaren auditorioan. Sari nagusia, zuzendari onenaren Urrezko Otsoa, Luke Eve australiarrari emon deutso epaimahaiak.

Sail ofizialean 30 telesailek parte hartu dabe, baina epaimahaiak Everen lana nabarmendu dau, tresna narratiboak modu indartsuan erabilteagaitik eta talentu personala eta teknika bikaina buztartzeagaitik, gai gatxa edo korapilatsua lantzeko. Odessa Young aktoreak beteten dau High Life koprodukzino australiar eta estadubatuarreko protagonistearen zeregina. Itxuraz bizimodu perfektua daukan neska bat da bera, baina nortasun bipolarra dauela jakiten dauenean goitik behera aldatuko da dana.

Hain zuzen be, Odessa Youngek berak irabazi dau aktore onenaren Zidarrezko Otsoa. Telesailik onenaren Zidarrezko Otsoa, ostera, Shootgun Boogie: New Orleans-ek irabazi dau. Epaimahaiaren esanetan, emozino handiko websaila da hori, ikuspegi dokumentala eta sentimentala buztartzen dituana.

Bestetik, euskal telesailik onenaren sari nagusia Alberto Laguna eta Iker Bilbao artista-tandemak Zornotzan grabautako Eguzkiaren bila (Sol naciente) lanak irabazi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu