Udagoieneko Mendi Tour zirkuitua Zornotzan hasiko da bihar

Bizkaie! 2017-09-25 09:55   Zinemea

Igazko edizinoko lau film proiektauko ditue Zornotza Aretoko saioan.

Mendi Film Festival nazinoarteko jaialdiko lanik onenak Bilbotik kanpo erakusteko asmoz sortu dabe Mendi Tour dalako zikloa eta udagoieneko egitaraua bihar, hilak 26, hasiko da, Zornotzan. Abentureagaz, natureagaz eta mendiagaz lotutako gaur egungo ikus-entzunezkorik azpimarragarrienak ikusteko aukerea izango dabe, beraz, ikusleek, 2016ko jaialdiko piezarik onenen aukeraketea izango da eta.

Mendi Tourreko saioetara sartzea doban da. Zornotza Aretokoa martitzen iluntzeko 20:00etan hasiko da eta 2016ko Mendi Film Festivalen erakutsitako lau pelikula nabarmen emongo ditue: E.B.C. 5.300 m (Suitza, film laburrik onenaren sariduna), Annapurna III unclimbed (Austria), Metronomic (Frantzia) eta Freedom underload (Eslovakia, 2016ko sari nagusia).

Udagoieneko zikloak geldialdi ugari izango ditu, gehienak Bizkaitik kanpo. Zornotzaren ostean, Burgos (urriaren 3, 4 eta 5ean), Sopela (20an), Urnieta (20an), Madril (23tik 26ra), Markina-Xemein (27an), Elgoibar (zemendiaren 9an), Zumarraga (17an), Potes (17 eta 18an) eta Basauri bisitauko ditue Mendi Film Festivaleko pelikularik onenek. Zemendiaren 21ean izango da azken saioa eta, handik lasterrera, Mendi Film Festivalen 10. edizinoa hasiko da, abenduaren 8tik 17ra.

Beste alde batetik, jaialdiko arduradunek azaldu dabe, irailaren 19tik 21era Mexikoko 30 uritan egitekoa zan zikloa bertan behera itxi dabela, herrialde haretan jazotako lurrikarearen erruz. Lehentasuna kaltetuei laguntzea eta kolpeari aurre egitea dala adierazo dabe antolatzaileek eta Mendi Film Festivaleko arduradunek alkartasun mezua bialdu deutsie mexikarrei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu