Bildurra eta fantasia, Zinemakumeak gara! zikloaren aurtengo gaiak
2017-09-19 13:37 ZinemeaBilboko BBK Salan egingo dabe, urriaren 16tik 23ra, eta jarduera osogarriak egongo dira Azkuna Zentroan eta Bilborocken.
Zinemakumeak gara! zikloaren 22. edizinoak bildurrezko eta fantasiazko zinemagintzea jorratuko dauela iragarri dabe antolatzaileek, Bilbon bertan egindako aurkezpenean. Ikus-entzuleei sustoa emoteko asmoz, 16 film proiektauko ditue, bertoko eta nazinoarteko zuzendarien eskutik. Jaialdiaren helburu nagusiari kasu eginaz, pelikula guztiak emakumeek zuzendutakoak izango dira. Modu horretara, emakumeek zinemagintzan egiten daben ekarpena agirian itxi eta lan horri balioa emongo jako. Zinemakumeak gara! zikloaren 22. edizinoak Bilboko Udalaren, BBK Fundazinoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa dauka.
Urriaren 16tik 23ra bitartean atondu daben programazinoan ibilbide oparoko hainbat egile dagoz. Dana dala, danen artean bat nabarmentzen da, Kathryn Bigellow amerikarra hain zuzen, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi dauen emakume bakarra da eta. Ana Asensio espainiarra be aitatzekoa da, Most Beautiful Island film saritua Bilboko publikoari aurkeztu ez eze, barriketaldi baten parte hartuko dauelako. Egitaraua, hemen.
Pelikulak BBK Salan ikusi ahal izango dira, Bilboko Kale Nagusian. Era berean, zikloagaz lotutako bestelako jarduera batzuk egongo dira Azkuna Zentroan eta Bilborocken. Esaterako, Xprest! AUX jaialdia urriaren 22an eta emakumezkoen film laburren emonaldia 23an.
Bestetik, Simone de Beauvoir saria Isa Campo zuzendari, gidoilari eta produktoreari emongo deutsie. Film ugaritan egin dauen lanagaitik omenduko dabe. Fikzinoan, La próxima piel eta Los pasos dobles egin ditu eta, dokumental luzeen arloan, ostera, La noche que no acaba, El cuaderno de barro eta Game Over, besteak beste. Film laburrak eta ikus-entzunezko instalazinoak be egin ditu Campok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!