Gaztelugatxe, Europako zinema-kokaleku onenen artean

Bizkaie! 2017-09-19 12:09   Zinemea

Danetara, hamaika toki egongo dira lehian lehenengo saria irabazteko.

Joan dan urteko udagoienean egin eben Bizkaian Game of Thrones telesailaren grabaketea eta dagoeneko ondorioak igarten dira,  izan be, European Film Commission Network-ek —Europako Film Commision Sareak— (EFCN) Gaztelugatxeko Doniene aukeratu dau Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onena izendapena eskuratzeko. Danetara, hamaika toki egongo dira lehian, Europako kokalekurik onena sariaren barruan.

Lehiaketako finalisten zerrendan egoteak edozein ikus-entzunezko produkzino grabetako erreferentziazko leku bihurtuko dau Bizkaia nazinoartean.

Irabazlea Europako ikusleek emondako botoen bidez aukeratuko dabe. Bozketea  Cineuropa izeneko plataformearen webgunean egingo dabe. Parte-hartzaileek urriaren 25era arte izango dabe botoa emoteko aukerea, eta honako honeen artean erabagi beharko dabe: uriak, uharteak, espazio historiko zein arkeologikoak, mendi eta haran ikusgarriak eta azken hamar urteotan telesail edo dokumentalen kokaleku izan diran beste toki batzuk.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Herriko herritarrak animau nahi ditue Gaztelugatxeko Donieneren aldeko botoa emoteko. Sari horri esker, film nahiz telesailen filmaketei lotutako turismo eta sormenaren industriako aukera-espazio legez Bilbao-Bizkaiak dauen irudia indartuko da nazinoartean.

Lehiaketan parte hartuko daben zinema-kokalekuen zerrendea:

  • Gaztelugatxeko Doniene - Game of Thrones (2016).
  • Antiparos uhartea - Suntan, Argyris Papadimitropoulos (2016).
  • Wroclaw - Espioien Zubia, Steven Spielberg (2015).
  • Dubrovnik - Game of Thrones (2012 - 2014).
  • Kaštilac gaztelua - Game of Thrones (2014 - 2016).
  • Görlitz - Budapest Hotel Handia, Wes Andserson (2014).
  • Mínima, Guadalquivir - La Isla Mínima, Alberto Rodriguez (2014).
  • Karakalaren Termak - Edertasun handia, Paolo Sorrentino (2013).
  • Val Senales glaziarra - Everest, Baltasar Kormákur (2015).
  • Valldal-Juvet Landscape hotela - Ex Machina (2014).
  • Viena - Mission: Impossible. Rogue Nation, Christopher McQuarrie

Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onenaren sariaren irabazlea zemendiaren 7an jakinarazoko dabe, European Film Commission Network sarearen hamargarren urteurrenaren ospakizun-ekitaldian. Bruselan egingo da, Europako Parlamentuko egoitzan, hain zuzen be.

EFCN sarean, danetara, Europako 30 herrialdetako 90 film-batzorde dagoz, eta horreen lehentasunezko helburuetako bat kontinenteko kokapenak nazinoarteko ikus-entzunezko produkzinoetarako sustatzea da. Hamargarren urteurrenaren harira, Europako Kokalekurik Onena Saria antolatu dabe, eta horren barruan Hamarkadako Europako zinema-kokalekurik onena aukeratuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu