Gaur hasiko da Veneziako Zinema Jaialdia

Bizkaie! 2017-08-30 09:56   Zinemea

Aurten 21 film egongo dira Urrezko Lehoia irabazteko lehian.

Matt Damon, 'Suburbicon' filmean | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero egun honeetan ohikoa dan legez, zinemearen munduko izar ospetsuak helduko dira Veneziara euren film barrienak aurkezteko. Zinemaldi entzutetsuenetako bat da Veneziako Mostra eta, besteak beste, Darren Aronofsky, Guillermo del Toro, George Clooney eta Vivian Qu pasauko dira alfonbra gorritik. Sail ofizialeko emakumezko zuzendari bakarra da azken hori.

Aronofskyren Mother! da Veneziako Zinemaldian aurkeztuko dan pelikula azpimarragarrienetako bat, bertako aktoreen zerrendea ikusi besterik ez dago: Jennifer Lawrence, Javier Bardem, Michelle Pfeiffer eta abar. Donostiako Zinemaldian be ikusi ahal izango da film hori.

George Clooneyren Suburbicon be izarrez josita dator: Matt Damon, Julianne Moore eta Oscar Isaac dira aktore nagusiak eta Coen anaien gidoi baten oinarritutako istorioa antzezten dabe. Guillermo del Tororen azken lana, ostera, The shape of water izenekoa da, gizaki itxurako anfibio baten eta atezain mutu baten arteko maitasun istorioa. Frederic Wisemanen Ex libris, The New York Public Library, barriz, dokumentala da eta hori be Donostiara joango da Veneziatik pasau eta gero.

Vivian Qu txinatarraren Jia Nian Hua sexu erasoen inguruko drama iluna da: Neska biri eraso egin deutsie gizon batek, baina lekuko bakarrak ez dau horren barri emon nahi, lanpostua galdu leikelakoan. Abdelatif Kenichek La vie d'Adèle arrakastatsuaren segidakoa dan filma daroa Veneziara, Mektoub, my love, canto uno. Aitatutako guztiez gan, beste film ugari ikusi ahal izango dira jaialdian, danetara, 21 sail ofizialean eta beste asko ganerako ataletan.

Ohorezko Urrezko Lehoien bidez, zinemagintzan egindako ibilbide oparoa eskertuko deutse Veneziako zinemaldiak Robert Redford eta Jane Fonda aktoreei; Our souls at night pelikula barria emongo dabe lehiaketaz kanpo, Redford eta Fonda aktore dirala. Ganera, errealidade birtualean egindako lanen lehiaketea antolatu dabe lehenengoz. Gaurtik irailaren 9ra bitartean egingo dabe Veneziako 74. Zinemaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu