Espaziora begira egongo dira Araba Euskarazeko hiru guneak
2017-06-09 08:42 Euskerea berbagaiEsne Bidea, Andromeda eta Prometheus guneak izango ditu Arabako ikastolen aldeko jaiko ibilbideak, bagilaren 18an.
Bastidan ospatuko da aurten Araba Euskaraz eta, astebete pasautxuren faltan, ibilbidea eta egitaraua aurkeztu ditue antolatzaileek. Wow! da aurtengo leloa eta kohete espazial batek zeharkatzen dau o letrea logotipoan. Irudi horri keinua eginaz, unibersoagaz lotutako izenak ipini deutsiez ibilbideko hiru guneei.
Espazioa eten barik dago mobiduten eta hori Bastidako ikastolearen ezaugarria be bada, antolatzaileek azaldu dabenez. Ganera, hezkuntzan teknologiak gero eta leku handiagoa dauka. Horregaitik pentsau dabe espazioagaz lotutako irudia eta guneak diseinetea aurtengo Araba Euskarazen.
Gure galaxiaren, Esne Bidearen, izena eroango dau lehenengo guneak. Bertan egingo da jaiaren inaugurazinoa, goizeko 10:00etan, erakunde publikoetako eta ikastoletako ordezkariak bertan dirala. Esne Bidean bertan, hiru eremu txikiago egongo dira, horreek be espazioagaz lotutako izendunak: Proxima Centauro, Eguzkia eta Alfa. Bastidako ikastolearen alboan egongo da gunea, kiroldegitik hur.
Kontzertu ugari egongo dira Esne Bidean: Huntza, Hesian, Oihan Vega... Bastidako Iskorta eta Gasteizko Aurresq jantza taldeek ikuskizuna eskainiko dabe eta bertso saio musikaduna be aitagarria da, Arabako bertsolari ezagunek parte hartuko dabelako: Izar Mendigurenek, Paula Amilburuk eta Julen Zulaikak.
Bigarren guneak konstelazino urrunetara eroango ditu bisitariak, Andromeda izena ipini deutsie eta. Jantzak, herri kirolak, puzgarriak, globo aerostatikoak eta abar egongo dira han. Maider Legarretak kontzertua emongo dau, baita Arabako Errioxako talde bik be: Oiongo Eh Mertxe!-k eta Samaniegoko Astoratuak-ek.
Amaitzeko, Prometheus izenekoa izango da hirugarren gunea, umeentzako ekitaldi gehien hartuko dituana. Puzgarriak egongo dira goizean goizetik, eta eguerdian, ostera, Xaiborren Dantzatlon ikuskizuna, umeentzat aproposa. Bazkalostean Korri eta Xalto pailazoen txandea izango da, umeentzako tailerrak be egongo dira eta ETBren programek euren txokoa izango dabe.
Horrezaz gan, gunerik gune ibiliko dira trikitilariak, Zornotzako Zaparrada batukada taldea eta abar, giroa alaitzen. Arabako Herri Arteko Pelota Txapelketako finalak be egun horretan bertan jokatuko dira Bastidan, Araba Euskarazegaz bat eginaz.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!