Euskadiko Filmategiak eta Zinemaldiak Juanba Berasategi omenduko dabe gaur Tabakaleran

Bizkaie! 2017-05-02 08:02   Zinemea

Kalabaza Tripontzia filma proiektauko dabe arrastiko 19:00etan, barikuan hildako zinemagilea gogoratzeko.

'Kalabaza tripontzia 'filmaren kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko animazinoaren ikur izandako Kalabaza Tripontzia film luzea proiektauko dabe Berasategi omentzeko asmoz. Zinemagileak 1985ean zuzendutako filmean, berba egiten dauen hazur-haragizko satelite harrigarri batek espazioa zeharkatzen dau. Akelarrera joan nahi eta bide zuzena hartu ez eta nahastau dan gizon bibotedun bat da ha. Berak erakutsiko dau Kalabaza Tripontziaren mundua. Bertan, astoek eta behiek be berba egiten dabe, Kukubiltxoren laguntzaz.

Intxaur oskol baten ezkutau daitekeen umea da Kukubiltxo txikia. Euskal Herriko ipuin eta kondaira tradizionaletako personaiarik adieragazgarrienetako bat da, baina ez bakarra. Filmean, besteak beste, Tartalo begibakarra eta Galtzagorri deabrua agertzen dira.

Euskal Herriko zinemearen historiako animazinozko lehen film luzea da Kalabaza Tripontzia. Euskal animazinoaren aitzindaria izandako zinemagile pasaitarraren ibilbideak film zerrenda luzea itxi deusku Kalabaza Tripontzia-gaz batera: Ekialdeko izarra (1977) edo Fernando Amezketarra (1979) dira horren adibide.

Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak iragarri dabenez, proiekzinoa Tabakalerako 1. Zinema aretoan egingo dabe arrastiko 19:00etan eta sarrerea doban izango da. Barikuan hil zan Juanba Berasategi, eta haren omenez antolatu dabe gaurko saioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu