Aitor Etxebarria gernikarrak 'Markak' diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-04-25 13:21   Musikea

Hannot Mintegiak zuzendutako Markak dokumentalaren soinu bandea jaso dau Etxebarriak biniloan. Udan zuzeneko emonaldi batzuk antolatu ditu, diskoa aurkezteko.

Gernikako bonbardaketeak gazteakan izandako eragina aztertu dau Hannot Mintegiak Markak filmean, gazte sortzaileen lanetik abiatuta. Donostiako Zinemaldian aurkeztu eban dokumentala. Aitor Etxebarria musikari gernikarra arduratu da pelikulearen soinu bandea sortzeaz eta, hain zuzen, bonbardaketearen bezperan, gaur bertan, aurkeztu dau diskoa.

Tekladu, soka, gitarra eta ahotsagaz jantzitako soinu banda atmosferikoa eta emozionala da, egileak azaldu dauenez. Filmaren zuzendariaren eta Etxebarriaren artean energia berezia sortu zan. Mintegiak filmeko irudiren bat, edo lokalizazinoren bat bialdu, eta musikariak berehala sortzen eban kantearen zirriborroa. Orain, binilozko disko luze baten batu ditu Markak dokumentalaren soinu bandako pieza guztiak.

Donostiako Zinemaldian filma eta soinu bandea aurkeztu eta gero, Mintegiak eta Etxebarriak pentsau eben polita izango zala kantak binilo berezi baten argitaratzea, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrenaren bueltan. Grabazinoan, hainbat lagunen kolaborazinoak izan ditu Etxebarriak. Besteak beste, Miren Narbaiza, Valentina Riddolfi eta Hibai Etxebarriaren ekarpena dago.

Prozesu bitxia da Markak-ena. 2007an Bernardo Atxagak izenburu horretako liburu bat atera eban, Gernikako bonbardaketea ardatz. 2016an, hari horretatik tiraka, Hannot Mintegia gernikarrak izen bereko filma egin eban. Hirugarren pausua da, beraz, Etxebarriaren diskoa, 2017an argitaratua (kantak 2016an sortutakoak dira).

El_Txef_A ezizenagaz hamar urteko ibilbidea egin dau Aitor Etxebarriak. Oraingoan, bere betiko izenagaz sinatu dau Markak diskoa. Berak egindako lehenengo soinu bandea da. Laster, diskoko kantak zuzenean aurkezteko kontzertuak emongo ditu Etxebarriak. Lehenengoa, bagilaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian izango da. Bartzelonan eta New Yorken be antolatu ditu emonaldiak.

Sintetizadorean egongo da Aitor Etxebarria zuzeneko emonaldietan. Hannot Mintegia Markak filmaren zuzendariak gitarrea joko dau. Eurakaz batera oholtzan izango dira Hasier Oleaga (bateria), Hibai Etxebarria (pianoa), Jatsu Argarate (baxua) eta hari laukote bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu