Ken Zazpik eta Amets Arzallusek egin dabe Herri Urratsen abestia
2017-03-28 13:38 MusikeaSenpereko lakuaren inguruan ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia, maiatzaren 14an. Aurtengo Herri Urratsen abestia eta bideoklipa aurkeztu ditue gaur.
Haizu! lelopean egingo da aurten Herri Urrats eta izenburu hori bera dauka abestiak be. Euskal Herriko sortzaile ezagunak ibili dira kantea sortzen: Musikea Ken Zazpi talde bizkaitarrarena da eta berbak, ostera, Amets Arzallus lapurtarrak idatzi ditu. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi eban Arzallusek 2013an. Haizu! kantea eta bideoklipa Donostian egindako ekitaldian aurkeztu dau Seaskak.
Zentzu bikotxa emon deutsie Herri Urratseko antolatzaileek Haizu! leloari. Batetik, haizu berbea dago (baimena edo egokierea). Gaur egun oraindino trabak dagozan arren, euskeraz bizitzea haizu izatea nahi dabe. Bestetik, agintariei eta herritarrei deia egin nahi deutsie: Aizu!
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen aldeko udabarri guztietako hitzordua izaten da Herri Urrats. Aurten be ez dau hutsik egingo Senpereko hitzorduak, izan be, Seaska alkarteak azaldu dauenez, diru beharrean dagoz. Batez be, azken urteotan hasitako proiektuen obrak ordaindu ahal izateko behar dabe euskaltzaleen laguntzinoa. Batetik, Baionako Etxepare lizeoan eraikin berriak egiteko asmoa daukie eta, bestetik, Manex Erdozaintzi kolegioa handitzeko lanei ekin nahi deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!