Zinema italiarra dakar Bilbora Zinecittà zikloaren bigarren edizinoak
2017-01-30 13:11 ZinemeaEuskaditalia alkarteak antolatutako ekimen horretan, Italiako zinemagintza garaikidearen erakusgarri diran hiru film emongo dira, zezeilaren 2tik 4ra.
Bigarrenez antolatu dau Euskaditaliak Zinecittà zikloa. Aurtengoan, hiru film dakarz Bilboko BBK Salara. Oraintsu estreinautako hiru pelikula dira, zikloaren helburua Italiako zinemagintza garaikidea zertan dan erakustea da eta. Europako hainbat jaialditan sariak irabazitako filmak dira hirurak.
Paolo Virzì-ren La pazza gioia, Gabriele Mainetti-ren Lo chiamavano Jeeg Robot eta Fabio Bonifacci eta Francesco Micchichè-ren Loro qui? ikusi ahal izango dira Bilbon. Antolatzaileek azaldu dabenez, askotariko lanak aukeratu ditue, genero bat baino gehiago erakusteko asmoz. Drama, komedia eta fantasia dagoz hiru pelikuletan.
Zezeilaren 2an, 3an eta 4an, egunero film bat emongo da BBK Salan, iluntzeko 20:00etan. Sartzea libre da, jesarleku guztiak bete arte. Filmak jatorrizko bersinoan emongo dira, hau da, italieraz. Gaztelaniazko azpitituluak ipiniko ditue.
Zinecittà Euskaditalia alkarteak sortutako ekimena da. BBK Saleak, Zinebi jaialdiak eta Erromako Luce Institutuak laguntzen dabe. Italiaren eta Euskal Herriaren arteko lotura kultural, sozioekonomiko eta linguistikoak estutzea da Euskaditaliaren helburua eta asmo horri begira antolatzen dau Zinecittà.
Hau da programazinoa:
-Zezeilak 2: La pazza gioia (Paolo Virzì, 2016).
-Zezeilak 3: Lo chiamavano Jeeg Robot (Gabriele Mainetti, 2015).
-Zezeilak 4: Loro chi? (Fabio Bonifacci eta Francesco Miccichè, 2015).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!