'Ballerina' filma euskeraz estreinauko dabe barikuan
2017-01-25 11:17 ZinemeaZinema Euskaraz programearen barruan, Hego Euskal Herriko hainbat aretotan ikusi ahal izango da euskeraz Ballerina. Animazinozko pelikulea da.
Frantziatik dator Eric Summerrek zuzendutako Ballerina. Felicia da istorioko protagonistea, aktore bihurtu nahi dauen neska umezurtz bat. Victor adiskidearen laguntzinoagaz, abentura ugari bizi izango ditu Feliciak, bere amesa gauzatzeko bidean. Europan azken urteotan egin dan animazinozko koprodukzinorik handienetako bat dala dinoe Zinema Euskaraz programearen bultzatzaileek.
Europako herrialde askotan estreinau da Ballerina, arrakasta handiagaz. Barikutik aurrera, euskerara bikoxtuta, Hego Euskal Herriko zinemetan ikusi ahal izango da. Honeek dira Ballerina euskeraz ikusteko erea emongo daben aretoak: La Morea (Iruñea), Multis (Bilbo), Golem Alhondiga (Bilbo), Dock (Portugalete), Florida (Gasteiz), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia). Barakaldon, Eibarren eta Durangon be emongo dabe, baina asteburuan baino ez.
Ganera, barikuko estreinaldi ofizialaren aurretik, aurrestreinaldia egingo dabe Bilbon eguenean, urtarrilak 26. EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan izango da proiekzino berezi hori, 18:00etan. Telebista publikoak bultzatzen dauen Hiru3 komunidadearen webgunean eskatu behar da aurrestreinaldirako sarrerea.
Zinema Euskaraz programearen barruan, aurten aretoetara helduko dan bigaren filma da Ballerina. Aurretik, urtarril hasikeran, ORM Elurretako erresuman emon zan euskeraz. Laster, zezeilaren 10ean, Batman Lego estreinauko dabe.
Zineuskadi erakundeak bultzatzen dau Zinema Euskaraz. Programa horren bidez, atzerriko filmak bertoko zinema-aretoetan zabaltzen dira, euskeraz. Igaz, esaterako, 15 film izan ziran. Zineuskadiko arduradunek dinoe sendotzen doan egitasmoa dala, urterik urtera film gehiago eta kalidade handiagokoak bikoxten diralako.
Ikusi Ballerina filmaren euskerazko trailerra hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!