Zinebik Louie Paluren 'Diarios de Kandahar' filmagaz ekingo deutso 'Hileko Dokumentala' egitarauari
2017-01-24 09:40 ZinemeaUrtarrilaren 26an, Multicine 7 aretoan izango da (Jose María Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango dau.
Hileko Dokumentala, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik urte osoan zehar bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen estreinaldien zikloak, eguen honetan, urtarrilaren 26an, ekingo deutse barriro emonaldiei, Louie Paluk eta Devin Gallagherrek zuzendu daben eta horreetako lehenak lau urtez, prentsako argazkilari legez, Kandaharreko (Afganistan) burruka frontean bizi izandako esperientzia gogorra kontetan dauen Diarios de Kandahar (Kanada, 2015. 76´) filmagaz.
Ohikoa danez, emonaldia Multicine 7. aretoan izango da (Jose Maria Escuza, 13) arratsaldeko 20:00etan, ingeleseko jatorrizko bersinoan, gaztelaniazko azpi-tituluakaz. Sarrereak 3,70 euroko prezioa izango dau.
Louie Paluren historia, Afganistan hegoaldean dagoan Kandaharreko burruka frontean argazkilari-kazetari batek bizi izandako historia da. 2006 eta 2010 artean idatzi zituan egunerokoen bitartez, ikus-entzuleek beren bilakaera psikologikoa ezagutuko dabe, errealidadetik deskonektauta dagoan indarkeria absurdoaren erdian. Gerrearen gordintasuna, monotonia eta, sarri askotan, erabateko esanahi faltea bizi izan ditu zuzenean. Paluren ikusteko moduan oinarrituta egituratutako ikuspuntua, inguratzen dauen egoera latza ulertzeko ezintasunetik, erabateko gatazkea sortuz Ipar Ameriketara itzultzean bizi dauen arrunkeriagaz.
Louie Palu argazkilari profesional ezaguna da, 24 urte baino gehiagoko ibilbide profesional luzea dauena, nazinoarteko hainbat sari irabazitakoa, horreen artean Pulitzer Center On Crisis Reporting Grant ezaguna. Bere lanaren ezaugarri nagusietakoa, gai politikoen eta sozialen inguruko iraupen luzeko proiektuak dira. Gerrearen barri emon dau Kandaharretik, 2006tik 2010era, eta gatazka horri buruzko hainbat erreportaje egin ditu, baina Diarios de Kandahar (Kandahar Journals) da bere lehenengo film luze dokumentala.
Devin Gallagherri jagokonez, produktore moduan egin dau lan Arlington Independent Media etxean 8 urtez. AEBetako ezkondutako bikote homosexualei buruzko Married in Spandex (2011) lehenengo dokumentala mundu osoko jaialdietan estreinau da. Diarios de Kandahar 16 urtetik beherakoentzat komenigarria ez dan dokumental gogorra da, eta dokumentalei buruzko hainbat jaialditan irabazi ditu sariak, Europan eta AEBetan.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, jarraipena emoten deutso urte osoko programazinoari Hileko Dokumentala zikloaren bidez; ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazinoarteko beste jaialdi batzuetan sariak irabazi dituen edo aukeratuak izan diran arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik ez daben lanez gozetako aukerea izaten dabe; esangura horretan, Parallel40 banaketa-etxearen eskutik, Multicines aretoek, zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna daben gaiak lantzen dituen dokumentalak estreinetan ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!