Film laburrei eskainitako Korten! jaialdia antolatu dau Bilboko FAS Zineklubak

Bizkaie! 2017-01-24 08:03   Zinemea

Indautxu auzoko Karmen aretoan film laburren denporaldia hasiko da gaur, hilak 24. Ikusleek pelikularik onena aukeratu ahal izango dabe.

Aitor Gutierrezen 'Ulises' emongo dabe urtarrilaren 24an (argazkia: FAS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Film laburraren formatuari jagokon garrantzia autortu eta publikoari hurreratu nahi deutso FAS Zineklubak, Korten! jaialdiaren bidez. Era horretako produkzinoek, iraupenez laburrak izan arren, ibilbide luze eta oparoa euki leikeela dinoe FAS Zineklubekoek. Ganera, egile barrientzat, zinemagintzan lehenengo pausuak emoteko formatu aproposa da.

Denporaldi hau, Korten! zinemaldiaren laugarrena izango da. Alde batetik, euskal zinemagileen lanak erakutsiko dira eta, bestetik, zuzendari ezagunen filmak be bai. Hori bai, sariak eskuratzeko lehian sartu nahi daben pelikulak Euskal Herrian edo euskal herritarrek eginak, edo euskal gairen bategaz lotutakoak izan beharko dabe. Generoak, ostera, danetarikoak izan leitekez: Fikzinoa, dokumentala, animazinoa...

Korten! jaialdira doazan ikusleek puntuak emon ahal izango deutsiez pelikulei eta, denporaldi amaieran, puntu gehien daukan filma izango da irabazlea.

Denporaldiko lehenengo saioa urtarrilaren 24an izango da, Bilboko Indautxu auzoko Karmen aretoan, 19:45ean. Hasteko, Aitor Gutierrezek zuzendutako Ulises proiektauko dabe. Kandido Uranga aktorea protagonista dauen film labur horrek, Euskal Gidoirik Onenaren SGAE Saria irabazi eban Zinebi jaialdian. Ondoren, Korten! jaialditik kanpo, Runar Runarsson islandiarraren Sparrows filma emongo dabe, 2015eko Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortutakoa berau.

FAS Zineklubak aurreratu dauenez, saioan Aitor Gutierrez egongo da, berak zuzendutako film laburraren ganeko azalpenak emoten.

Hurrengo saioa urtarrilaren 31n izango da, Unai Guerraren Duelo a las doce en punto emongo dabe. Martiaren 21ean, Asier Urbietaren False flag helduko da Karmen aretora. Bitartean, Korten! jaialdiaren osogarri baina lehiaketaz kanpo, Michelangelo Antonioniren La mirada de Michelangelo emongo dabe, zezeilaren 28an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu