Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta Marion Berger, Zinegoak jaialdiko epaimahaikide

Bizkaie! 2017-01-19 12:12   Zinemea

Goi mailako epaimahaia dala dinoe LGTB zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren arduradunek. Dokumentalen atalak epaimahai berezia izango dau aurten.

Ruben Ochandiano (argazkiak: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 20an hasiko da Bilboko Zinegoak jaialdia, LGTB zinemagintzearen eta sorkuntzearen hitzordu nagusietako bat. Antolatzaileek aurtengo sariak emoteaz arduratuko diran epaimahaien barri emon dabe gaur. Batetik, epaimahai nagusian zinemagintzearen alorreko goi mailako adituak egongo dirala aurreratu dabe. Bestetik, dokumentalen atalak bere epaimahaia izango dau.

Nazinoarteko epaimahai nagusirako hiru izen aitatu ditue Zinegoak-eko arduradunek: Ruben Ochandiano aktorea, Miren Aperribay banatzailea eta Marion Berger programatzailea. Hirurek daukie ibilbide oparoa euren arloetan. Esate baterako, Ochandianok hainbat film ezagunetan parte hartu dau: Che, Los abrazos rotos...

Miren Aperribay be film ospetsuakaz lotuta dago, tartean euskal zinemagintzan mugarri izan diran batzukaz. Besteak beste, Loreak, Amama eta 80 egunean filmen banatzaile izandakoa da Aperribay. Atera Films enpresako sortzaile eta zuzendaria da. Amaitzeko, Marion Berger, Tarifako Zinema Afrikarreko Jaialdiko zuzendaria da. Nazinoarteko epaimahai nagusiak fikzinozko film luzerik onenak aukeratuko ditu Zinegoak-en.

Jaialdiaren 14. edizino honetan, dokumentalek pisu handia izango dabela aurreratu dabe antolatzaileek. Hartara, beren-beregi genero horretako pelikulak epaitzeaz arduratuko dan epaimahaia eratzea erabagi dabe. Vanesa Fernandez EHUko irakaslea eta Marc Serena dokumental-egilea egongo dira epaimahai horretan.

Zinegoak-eko ganerako ataletako epaimahaikideak erakunde, alkarte eta abarretako kideak izango dira. Era horretara, gizartean lanean dabizan taldeak jaialdira erakarri nahi ditue, ekimenaren parte bihurtu daitezan.

Zinema esperimentalari eskainitako Off atalean, bertoko sortzaileak eta artistak egongo dira epaimahaian. Lesbianismo eta Genero ataleko sariak, ostera, Bilboko talde feministek eta lesbianen eskubideen aldekoek erabagiko ditue. Euskal Aktoreen Batasunak emoten dauen sarian, hiru aktore izango dira epaimahaikide: Haizea Aguila, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazinoa ikasten dagozan ikasleek Sari Gaztea emoteko ardurea izango dabe. Parte hartuko daben hezkuntza zentroak eta taldeak honeek izango dira: IEPFS Tartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskolea eta IMVAL.

Miren Aperribay

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu