Zineuskadik 34 zinema-areto diruz lagunduko ditu Europako eta Iberoamerikako filmeen proiekzinoa sustatzeko

Bizkaie! 2017-01-19 08:26   Zinemea

Zinema Euskaraz programako pelikulen kopien alokairuak eragindako gastuak laguntzeko partida bat sartzen da ebazpenaren barruan. 

Zineuskadi, Eusko Jaurlaritzeak sustatzen dauen Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak 160.000 euroko inbersinoa bideratu dau Europar Erkidegoko eta Iberoamerikako filmeen kopiak zinema-aretoetan erakusteko, eta bidebatez, Europako zein Iberoamerikako zinema sektorea sustatzeko.

Zineuskaditik argitu dabenez, Zinema Euskaraz programako pelikulen kopien alokairuak eragindako gastuak laguntzeko partida bat sartzen da ebazpenaren barruan. Deialdia joan dan urte amaieran argitaratu zan, eta aurkeztutako eskaerak eta dokumentazinoa aztertu ondoren, Zineuskadi Alkarteko Zuzendaritza Batzordeak dirulaguntzinoen zerrendea argitaratu dau.

Laguntzinoak modalidade bitan banatzen dira; batetik, gehienez hiru pantaila dituen zinema-aretoak. Laguntzinoa jaso ahal izateko baldintza legez, 2015eko irailaren 1etik 2016ko bagilaren 30erako tartean, programazinoaren % 35 Europako eta Iberoamerikako filmakaz osotzea da. Horretarako, 132.000 € bideratu ditu eta guztira, 30 zinema-aretok jaso dabe laguntzinoa.

Bigarren multzoan, hiru pantaila baino gehiago dituen zinema-aretoak sartzen dira; honeen kasuan, epe berean programazinoaren % 50 gainditu behar dabe Europako eta Iberoamerikako filmakaz: lau aretok jaso dabe laguntzino hau, eta Zineuskadik 28.000 € bideratu ditu.

Jasotako eskaera guztien artean bakarra geratu da laguntzinoa jaso barik, filmeen programazinoak ez dauelako ezarritako % 35eko markea gainditzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu