Pelikulak aurkezteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2017-01-17 09:32   Zinemea

Jaialdiko sailetako batera euren filma aurkeztu nahi daben egileek online emon leikie izena. Irailean izango da 65. Donostiako Zinemaldia.

Garagarrilaren 16ra arteko epea dago filmak aurkezteko. Donostiako Zinemaldiko arduradunek azaldu dabenez, Zinema Eraikitzen eta Zinemagintza Ikasleen Nazinoarteko Topaketea sailak deialdi honetatik kanpo dagoz. Izan be, euren deialdia izango dabe maiatzean eta bagilean, hurranez hurran. Ganerako sailetarako film luzeak proponiduteko, zabalik dago internet bidezko prozesua.

Hautagaiak jaso ostean, garagarrilaren 16tik aurrera, sail bakotxean lehiatuko diran filmak aukeratuko ditu antolakuntzeak. 2017ko irailaren 22tik 30era egingo da aurtengo Zinemaldia. 65. edizinoa izango da.

Oraindino zortzi hile faltau diran arren, beraz, hurrengo edizinorako prestakuntzakaz bete-betean hasi dira antolatzaileak. Film luzeak aurkezteko epea zabaldu ez eze, kartel lehiaketea eratu dabe. Internet bidezko lehiaketea da, Zinemaldiko sail nagusietatik bost iragarriko dituen kartelak aukeratzea helburu dauena.

Zuzendari Barriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak eta Culinary Zinema dira lehiaketearen bidez aukeratutako kartela izango daben sailak. Zezeilaren 20ra arte aurkeztu leitekez proposamenak. Parte-hartzaileek sail baterako, edo bat baino gehiagotarako, aurkeztu ahal izango ditue lanak.

Sariketearen asmoa parte-hartzea bultzatzea eta Zinemaldia jenteari hurreratzea danez, herritarrek kartelik gustokoenaren aldeko botoa emon ahal izango dabe. Boto gehien lortu dabenak finalista izango dira eta sail bakotxeko irabazlea epaimahai batek erabagiko dau martian.

Donostiako Zinemaldiaren kartel nagusia, ostera, beren-beregi horretara deitutako hamar diseinu-estudiok aurkeztutako irudien artean aukeratuko dau epaimahaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu