Bilbon estreinauko dabe 2016ko nazinoarteko kritikearen filmerik txalotuena: 'Toni Erdmann'

Bizkaie! 2017-01-16 10:38   Zinemea

Europako Zinemearen sari nagusien artean film onenari, zuzendariari, gidoiari eta aktore nagusiei emon ostean, hurrengo Oscar sarietan irabazteko hautagai garrantzitsuena da (ingelesa ez dan beste hizkuntza batean egindako filmeen atalean).

Fas Zineklubak eta Golem zinemek esklusiban Bilboko zinemazaleentzat, denporaldiaren filmerik onena dan Toni Erdmann filmaren estreinaldia aurreratuko dabe, Maren Ade zuzendari alemaniarren azken komedia gazi-gozoa. Filmaren estreinaldia 2016ko Cannes Zinemaldian izan zan. Bertan Fipresci saria jaso eban historiaren puntuazinorik gorena izan ondoren. Emonaldia jatorrizko bersinoan izango da bihar, martitzena, urtarrilaren 17an, 20:00etan 1. aretoan Golem zinemetan. Sarrerea doban izango da Fas zineklubeko bazkideentzat eta besteontzat, beti legez, sarrera arrunt baten truke.

European Film Awards-en bost sari irabazi zituan atal nagusietan. Hurrengo Oscar sarietan be hautagai garrantzitsuenetakoa izango da ingelesa ez dan hizkuntzan egindako filmerik onenerako.

Toni Erdmann filmak, Winfriedek aita lez dauen ardurea irudikatzen dau maisutasunez. Bere alaba Inesen bizimodu estresanteaz arduratuta dago, hauxe sakelako telefonoari zintzilikatuta bizi baita, entrepresa handi batean ejekutiba legez dabilen bitartean. Alabearentzat ez da erraza bidea zabaltzea gizonezkoak nagusi diran enpresa-munduan. Winfried alabeari beste mundu bat erakutsi nahi deutso, lanetik kanpora bizitza badagoala, hain zuzen be. Aitak, Toni Erdmann modu xelebrean mozorrotzea erabagiten dau Inesen zirkulu sozialean sartzeko eta bide batez giza talde horrek dituan balioak hankaz gora jarriko ditu. Bien arteko hartu-emon berezi honeek sortarazoko dauen giro tirabirakatsuak aukera ederra eskaini deutse bi aktore bi horreei euren interpretazinoarengaitik saria jasoteko, bai Peter Simonischek, bai Sara Huller-ek azkeneko European Film Awards sarietan. Maren Adek be zuzendari, gidoi eta pelikula onenaren sariak jaso zituan.

Maren Ade-ren (Karlsruhe, Alemania, 1976), bosgarren filma da. Fas zineklubak 2011n bere bigarren pelikulea emon eban, Alle anderen (Entre nosotros, 2009). Toni Erdmann filmagaz, zuzendari alemaniar gaztea komediara hurreratuko da ezelako doitasunik galdu barik. Personaiak bilaketa amaibakoan egongo dira, euren buruari galdezka ia benetan desiratzen dabena ete daben, euren agendeak beteten dauena, bizitea beteten dauen.


Bilbon estreinaldia

Toni Erdmann ∙ Alemania ∙ 2016 ∙ 162 minutu.
- Zuzendaria: Maren Ade.
- Gidoia: Maren Ade.
- Argazkia: Patrick Orth.
- Aktoreak: Peter Simonischek, Sandra Hüller, Lucy Russell eta Michael Wittenborn.
- Montajea: Heike Parplies.
- Produkzinoa: Komplizen Film · Coop99 Filmproduktion · KNM

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu