FAS Zineklubak Peter Bogdanovitxen ‘The last Picture Show’ filmagaz ekingo deutso 64. urteurrenari

Bizkaie! 2017-01-10 09:03   Zinemea

Gaurko saioa Europako 2. zineklub zaharrenaren eta Estaduko zineklub beteranoenaren 2.265. saioa izango da, eta ohitureari jarraituz, asterik aste, autorearen zinemea eskaintzen dau.

Fas Zineklubak 64 urteko ibilbidea markau deutson tradizino zinefiloagaz bat datorren Peter Bogdanovitxen The last Picture Show filmagaz hasiko dau gaur aurtengo jarduna, Indautxu plazako Karmen Aretoan, 19:45etik aurrera. Filma Zazpigarren Artearen omenezko lan nostalgikoa da, azken zinema-aretoa galtzen dauen Texaseko herri txiki baten kontakizuna abiapuntu dauena, eta aukera parebakoa eskaintzen dau zinema-munduan ia-ia hasi barriak ziran Jeff Bridges, Cybill Sheperd eta Timothy Bottoms antzezleak western-etako Ben Johnson antzezle mitikoaren ondoan ikusteko. Proiekzinoan eta ondorengo barriketaldian, Vaya semanita lako programetan eta Allá abajo lako saioetan konbidadu lez egin dituan lanei esker oso ezaguna egin dan Iñigo Salinero antzezlea izango da.

Roger Corman B Serieko erregearen faktorian egindako egonaldi labur baten ondoren, eta 32 urte besterik ez zituala, Peter Bogdanovitxek Hollywoodeko 70eko hamarkadearen hasierako giroa irauli eban, izar handiez betetako akzino beteko super-produkzinoetatik kanpo landu eban zuri-baltzeko istorio batez, ezelako interesik ez dauen herri txiki bateko gazte batzuek helduarora igaroteko prozesua abiapuntutzat hartuta. Filmak Oscar sarietarako zortzi izendapen izan zituan, besteak beste, zuzendari onenaren eta gidoilari onenaren sarietarako izendapenak Bogdanovitxentzat, eta azkenean, Akademiak bigarren mailako antzezle onenen sariak emon eutsiezan Ben Johnson-i eta Cloris Leachman-i filman egindako interpretazinoakaitik.

Filmaren zuzendaria Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Michael Cimino, Brian De Palma eta George Lucas-en belaunaldiko zinemagile, gidoilari, antzezle, produktore eta kritikaria da. John Ford, Howard Hawks eta Orson Welles-en jarraitzailea izanik, Bogdanovitx erabateko erreferentzia bilakatu da Zinemearen historialari legez. Gaztetan, New Yorkeko MOMA zinematekako programatzailea izan zan, baita urtean 400 film be ikusteko kapaz zana zinemazale amorratua be, hainbat hamarkadatan ikusitako film bakotxari buruzko erregistro zehatza landu ebalarik.


Estaduko zineklub zaharrena eta Europako bigarrena

Gaurkoa Europako 2. zineklub zaharrenaren eta Estaduko zineklub beteranoenaren 2.265. saioa izango da. Sei hamarkada luzetan, Fas zinekluba Bilboko kultur erakunderik beteranoenetakoa bihurtu da, eta asterik aste, autorearen zinemea eskaintzen dau, jatorrizko bersinoan eta zuzendariak, antzezleak eta zeluloidearen munduko beste konbidadu batzuk tarteko dituan barriketaldiakaz.

Fas zinekluba Eleiza Katolikoaren ekimenez sortu zan 1953an (izena 'bidezkoa, komenigarria edo zilegizkoa' esan nahi dauen berba latinoa da), eta ordutik, kultura zinematografikoaren nahitaezko erreferentzia bilakatu da, bere eragin-eremua Bilbotik harantzako zabaldu dalarik. Pedro Olea, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, Pablo Berger eta Ernesto Del Río gisako zinemagileak eta kritikari eta kazetari espezializatu asko Fas zineklubaren emonaldietako ohiko ikusleak izan dira luzaro, eta kulturea sustatzeko egindako lanaren eskerronez, erakundeak danetariko sariak eskuratu ditu, tarteko Bilboko Ospetsuak aintzatespena. San Bizente Zineman (oraingo Kafe Antzokian) egindako egonaldi luzearen ondoren, zineklubak Karmen Aretoan antolatu ditu azken bi hamarkadetako saioak, Indautxu Plazan dagoan izen bereko eleizearen beheko aldean.

Sei hamarkadatik gorako ibilbidean, Fas zineklubak hainbat estreinaldi eskaini ditu, areto komertzialen programeari kontrapuntua jarriz, Bilboko zinemazaleei Hollywoodeko ereduetatik urrun dagozan beste zinematografia eta beste zinemagile batzuk ezagutzeko aukerea eskainiz, eta klasikoak be berrikustea helburu daben saio ugari antolatuz. Zineklubak bazkideek denporaldiz denporaldi barritzen dituen kuotei esker funtzionetan dau, baina noizbehinkako ikusleek be badabe saioetara sartzeko aukerarik, sarrerak erosita, aretoko jarleku guztiak bete arte.


Hiruhileko programazinoaren ganerako saioak

Urtea Bogdanovitxen klasikoaren proiekzinoagaz abiatu ondoren, Fas zineklubak beste hamaika titulu be eskainiko ditu urteko lehen hiruhilekoan, tartean, Oscarretan Alemania ordezkatzeko aukeratu daben Toni Erdmann filmaren aurre-estreinaldia, edota Michelangelo Antonioni-ren Il grido izenburuko maisulana, João Pedro Rodrigues, Jonás Trueba eta Isaki Lacuesta lako zinemagileen presentziagaz batera.

Datorren astean, zineklubak, bazkideentzako saio berezia antolatuko dau urteko estreinaldirik ederrenetako bat aurkezteko: Maren Ade-ren Tony Erdmann filma, Canneseko Jaialdian oso kritika onak jaso eta iparramerikar Akademiak Oscarren hurrengo edizinoan ingelesa ez dan beste hizkuntza bateko kategorian lehiatzeko aukeratu dauen lan bikaina. Ez da hau denporaldi honetako izar bakarra, izan be, Fas zineklubak Risttuules eta El ornitólogo filmen estreinaldiak be eskainiko ditu. Risttuules (‘In the Crosswind, Martti Helde zuzendari estoniarraren debuteko lana, urtarrilaren 31n pantailaratuko da. Baserriko neska batek senarrari idatzitako gutunen bitartez, Soviet Batasunak Bigarren Mundu Gerraren garaian estoniarrak Siberiara eroateko egindako deportazino masiboak deskribiduten ditu. Horrezaz gan, filmak erabilten dauen estilo barritzaileari esker, Ernaren ahotsak animau barik agiri diran eszenak dakarz, antzezle guztiak geldi dagozala eta kamerak agertoki osoa arakatzen dauen bitartean.

Bestalde, El ornitólogo filma Lisboako João Pedro Rodrigues zinemagilearen azken lana da. El fantasma, Morir como un hombre eta La última vez que vi Macao filmen zuzendariak zineklubeko publikoaren aurrean aurkeztuko dau. Bertan, zikoina baltzak ikertzeko asmoz, Portugal iparraldeko basoetan sartzen dan ornitologo baten bidaia iniziatikoa azalduko dau. Proiekzinoa zezeilaren 21erako programauta dago, eta Bilboko Zinegoak Zinema eta Arte Eszeniko Gaylesbotransen Jaialdiagaz batera egingo da. João Pedro Rodrigues dogu aurtengo lehen zuzendari konbidadua, baina zerrenda horretan, Jonás Trueba eta Isaki Lacuesta lako izenak agiri dira dagoeneko.

Lehen hiruhileko honetako klasikoen artean, La última película izenburukoagaz batera, Michelangelo Antonioni-k 1957an filmautako Il grido (Garrasia) nabarmendu behar da. Il grido filmak, zinemagile italiarrak inkomunikazinoaren trilogian (La aventura, La noche eta El eclipse tarteko dituana) garatuko zituan gaietako asko aurreratzen ditu, baina landa-giro latz batean kokatuta eta 50eko hamarkadearen amaierako langile-klase italiarraren deserrotzea islatzen daben personaien bitartez. Zezeilaren 28rako programautako emonaldiaren aurretik, Antonioni-k Friedrich Hölderlin poeta erromantiko alemaniarragaz eta Friedrich Nietzsche filosofoagaz izandako hartu-emonak aztergai dituan Toni Abad-en Cállate la boca liburua aurkeztuko da.

Azkenik, denpora hasierako alderdirik nabarmenenen artean, Las mil y una noches trilogiaren proiekzinoaren hasierea be aitatu behar da. Honen bidez, Miguel Gomes zinemagile portugaldarrak (Tabú edota Aquel querido mes de agosto dokumentalaren egilea) krisiak bere herrialdean eragindako ondorioei buruz hausnarketea egin dau. Filmetako lehenak, El inquieto izenburua daroanak, fantasiazko elementuak eta errealidadetik hartutakoak nahasten ditu kontakizun laburrez osotutako mosaiko bat sortzeko, errealismo magikoagaz eta Saramagogaz zorretan dagoan Sherezade moderno baten ahotsak lotuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu