'La La Land' musikala, Urrezko Globoetako pelikularik arrakastatsuena

Bizkaie! 2017-01-09 10:12   Zinemea

Damien Chazelleren lana urrezko globorik gehien irabazi dauen filma da, bart gaueko galea ezkeroztik.

'La La Land' filmeko protagonistak, Urrezko Globoen galan | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaliforniako Los Angeles urian egin da 74. Urrezko Globoen sari-banaketea. Galeak protagonista handi bat izan dau, La La Land komedia musikala hain zuzen. Hautagai izan dan kategoria guzti-guztietan irabazi dau Chazelleren filmak eta historian sartu da, Urrezko Globoetan garaikurrik gehien lortu dauen lana da eta.

Honeek dira La La Land-ek irabazitako kategoriak: Komedia edo musikal onenaren saria; komedia edo musikal bateko aktore onenen sari biak (emakumezkoetan Emma Stone eta gizonezkoetan Ryan Gosling); gidoi onena (Damien Chazelle); soinu-bandarik onena (Justin Hurwitz); eta jatorrizko kantarik onena (City of stars). Zazpi izendapen eta beste horrenbeste sari eskuratu ditu filmak.

Maitasun historia baten oinarritutako komedia musikala da La La Land, Damien Chazelle gaztearen hirugarren film luzea. Urrezko Globoen aurretik be, arrakasta handia eskuratu dau filmak, bai nazinoarteko jaialdietan eta baita publikoaren artean be. Aktore ezagun bi dira protagonistak, Emma Stone eta Ryan Gosling.

2017ko Urrezko Globoen galeak igazko film eta telesailik onenak saritu ditu, Hollywoodeko atzerriko prentsearen alkartearen ikuspegiaren arabera. La La Land izan da protagonista nagusia, baina beste saritu batzuk be egon dira. Esaterako, drama onenaren saria Barry Jenkinsen Moonlight lanarentzat izan da. Dramako aktore onenen sariak honeek izan dira: Isabelle Huppert (Elle filmagaitik) eta Casey Affleck (Manchester by the sea). Ganera, Meryl Streep aktoreari Cecil B. DeMille merezimenduzko saria emon deutsie, zinemagintzan egin dauen ekarpen oparoagaitik.

Urrezko Globoetan jazoten danak eragina izaten dau Oscar sarietako kinieletan. Aurtengo edizinoko emoitzea ikusita, La La Land Oscar sarietarako faborito nagusia bihurtu da. Moonlight izan leiteke Chazelleren musikalari lehia egiteko gai izango dan film bakarra. Datorren hilaren amaieran izango da Oscar sarien galea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu