Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentalak, Santutxun
2016-11-29 10:03 ZinemeaEguaztenean, zemendiak 30, hasi eta abenduaren 16ra arte, Muguruzaren sorkuntzak ikusi ahal izango dira Bilboko Santutxu auzoan. Saio guztietara sartzea doban izango da.
Zinemea eta musikea buztartuko dituan zikloa izango da Santutxukoa. Izan be, Fermin Muguruza musikaria da eta musikearen bidez lortu dau ospea Euskal Herrian eta atzerrian. Mundu zabalean ezagutu dituan errealidadeak eta berak martxan ipinitako proiektuak erakusteko, baina, zinemea erabili izan dau sarritan.
Hilaren 30ean, zikloari ekiteko. Next music station: Egypt (I) dokumentalagaz hasiko da zikloa. Egiptora eroango dau ikuslea film horrek. Izan be, 2011n Next Music Station izeneko egitasmoa hasi eban Muguruzak, mundu arabiarreko musikearen errealidadea erakusteko eta hango soinuen mapea egiteko. Al Jazeera komunikazino-taldearen babesa dauka egitasmo horrek. Hori izango da Santutxuko zikloaren oinarria, irundarrak egindako beste dokumental batzuk be ikusi ahal izango badira be.
Hurrengo emonaldiak, abenduaren 2an, 5ean, 7an, 9an, 12an, 14an eta 16an izango dira. Next Music Station seriekoak izango dira sei emonaldi, baina azkenengo bietan No more tour eta Nola? proiektuetako dokumentalak ikusi ahal izango dira hurranez hurran. Film guztiak jatorrizko bersinoan emongo dira, euskerazko azpitituluakaz.
Proiekzinoak Santutxuko udaltegian izango dira, arratsaldeko 19:30ean hasita. Saio guztiak dobakoak dira. Zineuskadi erakundeak sortutako Filmazpit ekimenaren laguntzinoa dauka ziklo honek. Euskerazko azpitituluak daukiezan pelikulak bultzatzeko eta zabaltzeko egitasmoa da Filmazpit.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!