Joana Pimentaren 'Um campo de aviaçao' film portugaldarrak irabazi dau Zinebiko Sari Nagusia
2016-11-25 12:20 ZinemeaMaria Elorzaren eta Maider Fernandezen Gure hormek da Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea.
Gaur, barikua, amaituko da Zinebiren, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Jaialdiaren 58. edizinoa. Epaimahaiak saritu guztien barri emon dau. Aurten, Lisboako Joana Pimenta zinemagilearen Um campo de aviaçao film labur dokumentalak irabazi dau Sari Nagusia.
Esperimentazinoaren alorrean sartu da 14 minutuko film labur honetan Joana Pimenta. Sinopsiak dinoanez, hegazkinentzako eremu bat da kokalekua, auzune urrun eta ezezagun baten. Uri bat sortu eta desagertu da sumendiaren kraterrean. Bertan topau dabe alkar persona bik, 50 urteko epeak banatuta.
33 herrialdetako 71 film lehiatu dira Zinebiren 58. edizinoko sail ofizialean. Nazinoarteko epaimahaian honeek egon dira: Andréa Picard idazle eta kritikari kanadarra, Corina Moldovan-Florea produktore errumaniarra, Krini Kafiris irakasle eta komunikabideen ikerlari greziarra, José Luis Rebollo konpositore bilbotarra eta Virginia García del Pino zinemagile kataluniarra.
Euskal Zinemearen Sari Nagusia Las Chicas del Pasaik kolektiboko Maider Fernandezek eta Maria Elorzak irabazi dabe. Gure hormek 15 minutuko film labur dokumentala da, euskeraz, gaztelaniaz eta italieraz grabautakoa. Hormetan geratzen diran arrastoen bidez, zuzendari bien hurreko persona batzuen bizitzei errepasoa egiten deutsie filmean. Emakumeek erretratautako emakumeak dira protagonista.
Aurtengo edizinoan parte hartu daben euskal film laburren artean hiru sari banatu ditu SGAE Fundazioak. Honeek izan dira irabazleak: Ivan Sokoloven Anónimo, gidoi onenaren atalean; Aitor Gutiérrezen Ulises, zuzendaritza onena; eta Aritz Villodasen Jules D., musikarik onenaren arloan.
Bestetik, Juanjo Giménezen Timecode fikzinoa izan da, epaimahaiaren ustez, Espainiako pelikularik onena eta Gerardo Naumann-en El trabajo industrial argentinarra Latinoamerikako onena.
Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Eloy Domínguez Serén-en Rust film suediar-espainiarrak jaso dau, eta Elena López Riera espainiarraren Las vísceras lanak irabazi dau Zidarrezko Mikeldia.
Fikzinozko film onenaren Urrezko Mikeldia Eduardo Brito portugaldarraren Penúmbria lanak irabazi dau. Kategoria horretako Zidarrezko Mikeldia Camilo Restrepo zinemagile kolonbiarraren Cilaos filmarentzat izan da.
Animazinoaren atalean, Urrezko Mikeldia Volker Schlecht eta Alexander Lahl alemaniarren Kaputt lanak irabazi dau, eta Anna Budanovaren Sredi Chernyh Voln errusiarrak eskuratu dau Zidarrezko Mikeldia.
Aurtengo nobedadeetako bat Zinebi First Film sariketea izan da. Bertan, orain arte film laburretan ibili diran eta lehenengo film luzea zuzendu barri daben zuzendariek parte hartu dabe. Sortzaile gazteei proiektu luzeagoak egiteko bultzadea emoteko asmoz jaio da. Zinebi First Filmeko lehenengo saritua Nehle Wolatz izan da, El futuro perfecto produkzino argentinarrari esker. Hadas Ben Aroya israeldarrak aitamen berezia lortu dau, People that are not me filmagaitik.
Gaur, barikua, hilak 25, Zinebi jaialdiaren amaierako galea egingo dabe Bilboko Arriaga antzokian (20:00), Jon Plazaola aktore eta umoregilea aurkezle dala. Bertan, saritutako film guztiak emongo ditue eta irabazleei euren garaikurrak emongo deutsiez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!