47 film erakutsiko dira Bilbao Mendi Film Festivalen, abenduaren 9tik 18ra

Bizkaie! 2016-11-18 13:16   Zinemea

The great alone film britainiarrak zabalduko dau jaialdia. Ganera, hainbat zinemagile eta mendizaleren topagune izango da 9. Bilbao Mendi Film Festival.

Jochen Hemmleb-en 'Annapurna III-Unclimbed' Europa mailako estrenaldia da | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendia, abenturea eta naturea zinemagintzeagaz buztartzen ditu Mendi Film Festivalek. Aurtengo edizinoan, hamar egunez goi mailako lanez disfrutetako aukerea egongo dala ziurtatu dabe antolatzaileek. Horretarako, 47 film aukeratu ditue, eta horreetako 43 sail ofizialean lehiatuko dira. 14 herrialdetako lanak erakutsiko dira sail horretan, tartean Erresuma Batukoak, Estadu Batuetakoak, Espainiakoak, Frantziakoak, Kanadakoak, Txinakoak, Zeelanda Barrikoak...

Mundu mailako lau estreinaldi izango dira Bilbon: Pou anaiak protagonista dituan Common Ground (Jordi Canyigeralek zuzendua), Mikel Sarasolaren Humla, Iker Elorrietaren I forgot myself somewhere eta Kurssuaq, la expedición del río grande, hori be Mikel Elorrietarena. Europan estreinaldiak diran beste hamar film be erakutsiko dira Mendi Film Festivalen, baita Euskal Herrian sekula ikusi bako beste 11 be.

Sail ofizialetik kanpo proiektauko diran lau filmen artean, Akabuko martxea aitatu behar da. Aitor Gisasolak eta Fredi Paiak zuzendutako film horretan, artzainen eta ardien transhumantziaren barri emoten da eta emakume artzainei errekonozimendua egiten jake. Sasoi baten artzain askoren ohiturea zan bidea berreskuratu eta Gipuzkoatik Uribe Kostarako bidea egin eben dokumentalaren egileek, artalde eta guzti. Incognita Patagonia filmak be euskal protagonistak ditu: Eñaut Izagirre gipuzkoarrak, Ibai Rico arabarrak eta Evan Milles amerikarrak egindako esplorazinoa da ardatza.

Abenduaren 9an hasiko da jaialdia, The great alone film britainiarraren proiekzinoagaz. Film emonaldiei eta jarduera osogarriei esker, hamar eguneko espedizinoa hasiko da hor, antolatzaileen esanetan. Ganera, Sir Chris Bonington omenduko dau aurtengo Mendi Film Festivalek, WOP Fundazinoaren saria emonaz. 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako esplorazinoei esker, 20. mendeko alpinista handienetako bat da Bonington eta gaur egun, 82 urtegaz, mendira joaten segiduten dau.

Era berean, zinemagileak eta goi mailako kirolariak ez dira faltauko Bilbon, jaialdiaren helburu bat topagune bihurtzea da eta. Esate baterako, Alex Txikon, Pou anaiak, Juanjo San Sebastian, Eñaut Izagirre eta Ibai Rico egongo dira. Atzerritarren artean, Ali Sadpara eta lehen aitatutako Chris Bonington.

Ekintza osogarrien artean, Julio Villar mendizaleak Viaje a pie liburua aurkeztuko dau. Panel Talk mahai-inguruan, ostera, Cvcephoto argazki lehiaketako lehenengo hiru sarien irabazleek egingo dabe berba, hau da, Krystle Wright australiarrak, Yhabril euskaldunak eta Paul Bride kanadarrak. Jon Herranz be solasaldian izango da.

Mendi Talk izeneko saioan, ostera, igazko neguan historian sartu ziran mendizale bik parte hartuko dabe. Nanga Parbat neguan lehenengoz igon eban espedizinoko kide izan ziran Ali Sadpara eta Alex Txikonen berbak entzun ahal izango dira. Baltistan Fundazinoaren eskutik, Bina Shah idazle pakistandarrak Emakumea, literaturea eta goi mendia berbaldia eskainiko dau.

Mendi Film Festivaleko webgunearen bidez, bonoak eskuragarri dagoz dagoeneko. Astebururako edo jaialdi guztirako bonoak atera ditue. Ganera, datorren astean, saio solteetarako sarrerak ipiniko dira salgai.

Bilbao Mendi Film Festivaleko 9. edizinoko egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu