Bilbo Manhattan Short film laburren jaialdiaren egoitza izango da

Bizkaie! 2016-09-29 10:42   Zinemea

Hauxe da irabazlea publikoak aukeratzen dauen jaialdi bakarra, mundu osoko 250 uri baino gehiagotan egindako aldibereko proiekzino baten bitartez.

Datorren barikuan, irailak 30, Bilbok Manhattan Short film laburren Jaialdiko proiekzinoak hartuko ditu. Jaialdi honetan, ikusleak dira irabazlea aukeratzen dabenak, munduko 250 uri baino gehiagotan aldi berean egiten dan proiekzino baten bitartez. Hau da Bilboko zinemazaleek euren botoakaz irabazlea aukeratuko daben zapigarren aldia, 19 edizino beteko dituan jaialdian.

Edizino honetarako aukeratutako 10 film laburren proiekzinoa Arte Eder Museoan (Museo Plaza 2, Bilbao) izango da irailaren 30ean, barikua, arratsaldeko 20:00retatik aurrera. Sarrerea dobakoa da, baina aforoa mugatua danez info@simplecomunicacion.com helbidera idatzi beharko da gonbidapena lortzeko. Emonaldi hau Bilboko Udaleko Kultura Sailari eta Fas Zineklubari esker gauzatuko da.

One Week, One World, One Festival goiburuak laburbatzen dau Manhattan Short Jaialdiaren filosofia. Astebetean, munduko hainbat aretotan, edizino honetako 10 film labur finalisten emonaldiak antolatuko dira, eta publikoa izango da irabazlea aukeratuko dauena.

Horretarako, ikusle bakotxak boto-txartel bat jasoko dau emonaldira sartzen danean, eta proiektautako film laburren artean film eta aktore gogokoenari emon beharko deutso botoa. Proiekzinoa amaitukeran txartelak jaso, eta zenbaketea egingo da. Botazinoaren emoitzea e-mail bidez bialduko da Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, film labur irabazlearen izena datorren urriaren 3an jakinarazoko da New York-en, www.mahattanshort.com orrialdearen bidez 16:00etan.

Edizino honetako film labur finalistak zortzi herrialdetatik datoz, 52 herrialdetako 840 film laburren artean aukeratuta. Horreetako bi, Kaputt eta I Am A Pencil, animazinozkoak dira. Beste izenburuak, komedia, drama, bildurrezkoak edota zientzia fikzinozkoak dira. Laburbatuz, gustu guztietarako zeozer egongo da seguru eta publikoa izango da, tartean Bilbokoa, botoz boto jaialdian parte hartzen daben film labur, zuzendari eta aktore horreen etorkizuna erabagiko dauena.

Manhattan Short-eko ikus-entzulegoak film labur on bat atzemoten badakiela frogatuta geratu da. Izan be, 2015ean boto gehien izan zituen film laburrak Shok (Kosovo) eta Bear Story (Txile), Oscar sarietarako izentauak izan ziran eta azken horrek saria irabazi eban animazinozko film labur onenaren sailean. Ganera, aurten lehenengoz, Manhattam Short-eko film labur finalistek, Oscar-etan hautagai izateko txartela eskuratuko dabe automatikoki.

1998an egin zan Manhattan Short-aren lehenengo edizinoa. Bertan, 16 film labur proiektau ziran New York uriko Mulberry kalean, kamioi baten hegalean jarritako pantailan. Ordutik, jaialdi hau hazten joan da mundu mailako fenomeno bihurtzera helduz. Manhattan Short, bost kontinenteetan aldi berean egiten dan munduko zinema-jaialdi bakarra da eta 100.000 zinemazaletik gora batzen ditu zinemagile belaunaldi barrien lanaren inguruan.


Film labur finalistak:

The Tunnel (Norvegia).

Carousel (Ingalaterra).

Kaputt (Alemania).

Ella Got A Promotion? (AEB).

Hold On (Herbehereak).

Bravoman (Errusia).

Overtime (Australia).

Gorilla (Frantzia).

I Am A Pencil (Australia).

The Last Journey of the Enigmatic Paul WR (Frantzia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu