Sigourney Weaverrek gaur jasoko dau Donostia saria
2016-09-21 13:41 ZinemeaOscar sarietarako izendapenak jaso eta Urrezko Globoa irabazi dauen Sigourney Weaver aktoreak Donostiako Zinemaldiak emoten dauen ohorezko sari garrantzitsuena jasoko dau gaur.
Sigourney Weaverren izena azken lau hamarkadetako produkzino-lanik garrantzitsuenetan agiri da, besteak beste, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee eta David Fincher zinemagileek zuzenduta. Donostia saria jasotera etorrita, hirugarrenez bisitauko dau Sigourney Weaverrek Zinemaldia, Alien (1979) eta A Map Of The World (1999) aurkeztu ondoren. Aurten, Donostia sariak 30 urte beteten dituan edizino honetan, hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasoten dauena.
Donostia Zinemaldiaren 64. edizinoaren Sail Ofizialean, J.A. Bayonaren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da, lehiaketaz kanpo: Un monstruo viene a verme (A Monster Calls). Antzezle-taldean dira Sigourney Weaver, Felicity Jones, Lewis MacDougall eta Liam Neeson. Filmaren gala-pasea gaur, irailaren 21ean, izango da, Kursaal auditoriumean, eta bertan jasoko dau saria Weaverrek.
Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) filma izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Liburu hau Erresuma Batuan gazteentzako liburu onena hautatua izan da. Eleberriaren egilea dan Patrick Nessek idatzi dau gidoia. Filmean Conorrek, 12 urteko ume batek, bere amaren gaixotasunari aurre egiten deutso gauero bisitetan dauen munstro baten laguntzinoagaz.
Bayonaren (Bartzelona, 1975) ibilbide arrakastatsuko hirugarren film luzea da hau, eta amen eta seme-alaben arteko loturak protagonista dituen kontakizun indartsuen trilogia bat amaitzen dau. Bere lehenengo filma, El orfanato (2007), Canneseko Kritikearen Astean estreinau eben eta zazpi Goya eskuratu zituan. Bigarrena, Lo imposible (Ezinezkoa, 2012), Donostia Zinemaldian aurkeztu eben lehiaketaz kanpo, Sail Ofizialean, eta bost Goya eskuratu zituan; horrezaz gan, Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako be izentau eben, Naomi Watts aktorearen interpretazinoagaitik.
2013an, Espainiako Zinematografia saria jaso eban Bayonak, Zinemaldiaren barruan. Bere hurrengo proiektua Jurassic World lanaren jarraipena zuzentzea izango da.
Sigourney Weaver
New Yorken jaio zan Weaver. Stanfordeko Unibersidadean graduau eta gero, Master bat egin eban Yaleko drama-eskolan. Ordezko lez egin eban bere lehen lan profesionala, hain zuzen be, sir John Gielgud-ek zuzendutako The Constant Wife antzezlanean, Ingrid Bergman zala antzezle nagusi.
Sigourney Weaverrek Ridley Scott zuzendariaren Alien film arrakastatsuaren bidez egin eban debuta pantaila handian. Gero, barriro bete eban Ripley tenientearen papela, James Cameronek zuzendutako Aliens sekuelan. Lan horri esker, Oscarretarako eta Urrezko Globoen emakumezko aktore onenaren sarirako izendapenak jaso zituan Weaverrek.
Alien egin eta gero, hiru film arrakastatsu protagonizau zituan Weaverrek: Gorillas in the Mist, Dian Fossey primatologoaren papela betez; Mike Nicholsen Working Girl komedia; eta Ghostbusters II. Weaverrek Oscarretarako bere bigarren eta hirugarren izendapenak jaso zituan, eta Urrezko Globo bana irabazi eban Gorillas in the Mist eta Working Girl filmetako papelakaitik. Bere beste film batzuk: Copycat thrillerra; Paul Rudnicken Jeffrey komedia; Roman Polanskik zuzendutako Death and the Maiden antzezlanaren film-moldaketea; Half Moon Street, Michael Caine aktoreagaz; Ridley Scotten 1492; One Woman or Two, Gerard Depardieugaz; Eyewitness, William Hurt ebala ondoan, eta Showtime katearen Snow White filma, Grimm anaien ipuin originalean oinarritutakoa. Azken horregaz, Emmy sarietarako izendapena eta Screen Actors Guild alkartearen izentapen bat jaso zituan.
1997an, Ang Lee zuzendariaren The Ice Storm film bikainean parte hartu eban, ondoan Kevin Kline, Joan Allen, Elijah Wood eta Christina Ricci zituala. Film horretan egindako lanari esker, BAFTA saria irabazi eban, Urrezko Globoetarako izentau eben, eta Screen Actors Guild alkarteak Emakumezko Bigarren Aktorerik Onenaren sarirako izentau eban.
2003an, Holes komedian, Weaverrek odol hotzeko espetxezain ulegorriaren papela egin eban, eta aktore nagusia izan zan The Guys antzezlanaren zinemarako bersinoan, Anthony LaPagliagaz batera, Jim Simpson-en zuzendaritzapean. Gero, M. Night Shamalyanen The Village filman agertu zan Weaver, eta oso kritika onak jaso zituan Dan Harrisek idatzi eta zuzendutako Imaginary Heroes filman egindako lan apartagaitik.
Beste lan batzuk: Infamous, Toby Jonesegaz eta Sandra Bullockegaz; Jake Kasdanen The TV Set; Snow Cake, Alan Rickmanegaz; Tim Allenen Crazy on the Outside; The Girl in the Park, Kate Bosworthegaz batera; Vantage Point, Dennis Quaid eta Forrest Whitakeregaz; Tina Fey eta Amy Poehleren Baby Mama komedia, eta Andy Fickman zuzendariaren You Again komedia, Jamie Lee Curtis, Kristen Bell eta Betty Whitegaz batera. 2008an, Weaverrek ahotsa jarri eban Pixar etxearen Wall-E animazino-film arrakastatsuan, Matthew Broderick, Dustin Hoffman eta Emma Watson aktoreakaz batera. 2009ko abenduan, Weaver Jim Cameronen Avatar film barritzailean agertu zan. Historian diru gehien batu dauen filma da hori. Film onenaren Urrezko Globoa irabazi eban Avatar pelikulak, eta film onenaren Oscarrerako izentau eben. Beste film batzuk: Cedar Rapids, John C. Reilley, Anne Heche eta Ed Helmsegaz; Paul Simon Pegg, Seth Rogen, Kristen Wiig eta Jason Batemanegaz batera; Abduction, Taylor Lautneregaz; Amy Heckerling zuzendariaren Vamps, Alicia Silverstonegaz; Mabrouk El Mechriren The Cold Light of Day, Bruce Willisegaz; Red Lights, Robert De Nirogaz; Exodus: Gods and Kings, Christian Bale eta Aaron Paulegaz, eta Neil Blomkampen Chappie, Hugh Jackman aktoreagaz batera.
Weaver A Monster Calls filman ikusiko dogu laster, Liam Neeson eta Felicity Jones aktoreen ondoan. Orain dala gitxi, (Re) Assignment filmako lana amaitu dau. Udagoien honetan, Avatar filmaren hiru sekuelatan hasiko da lanean, James Cameronen zuzendaritzapean, baita oraingoz izenik ez dauen Neill Blomkampen Alien serieko proiektuan be.
Filmetan ez ezik, antzokietan be distira egiteko abagunea izan dau Sigourney Weaverrek. Weaver oso antzoki txikietan hasi zan New Yorken, Christopher Durangen The Nature and Purpose of the Universe, Titanic eta Das Lusitania Songsipel lanetan. Azken antzezlan horren testua Durangegaz batera idatzi eban, eta Drama Desk sarirako izentau zituen biak. Broadwaytik kanpo, antzezlan askotan parte hartu dau, eta John Guare, Albert Innaurato, Richard Nelson edo Len Jenkin antzerki-idazleakaz ibili da lanean. Pinter, Williams, Feydeau eta Shakespeareren lanak antzeztu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!