'Bilbo Pantaila Handian' zinema zikloa: irailaren 29tik zemendiaren 3ra
2016-09-14 12:48 ZinemeaHelburuak bi dira: ikusleei Bilboko kaleetan azken urteotan egin izan diran hainbat film erakutsi eta, bidez batez, produkzino horreen egileakaz geure zinemagintezari buruz eztabaidatu.
SGAE Fundazinoa eta Euskadiko SGAE Lurralde Batzordearen eskutik, eta Luis Marías Amondo gidoilari eta zinema zuzendari bilbotarraren koordinazino, ikuskaritza eta gidaritzapean, 2016ko irailaren 29tik zemendiaren 3ra, Bilbao Pantaila Handian zinema zikloa atondu dabe eta uriburuan bertan grabautako 7 film desbardin ikusteko aukerea izango da. Proiekzino guztiak 20:15ean hasiko dira.
Proiekzinoak Bilboko Campos Eliseos Antzokiaren Kupula Aretoan izango dira eta sarrerea doban gunea bete arte. Hautaketa barri bat, hau da, helburu bigaz: ikusleei Bilboko kaleetan azken urteotan egin izan diran hainbat film erakutsi pantaila handian, eta, bidez batez, produkzino horreen egileakaz geure zinemagintezari buruz eztabaidatu.
Holan agertu dabe prentsaurrekoan protagonistek SGAE Fundazinoaren egoitza nagusian, Campos Eliseos Antzokian. Komunikabideakaz batu dira Luis Marías bera, zikloaren koordinatzaile, aurkezle eta moderatzailea, eta Pedro Olea, Ernesto del Río, Patxo Telleria, Ana Murugarren eta Javier Rebollo ikusgai izango diran filmen errealizadoreak. Ernesto del Ríoren berbetan zikloak Bilbokk azken urteotan izan dauen garapena ikusteko balioko dau, 70 eta 80. hamarkadetako uri kaotiko, gris eta era berean dinamiko haretatik egungo uri eraldatu eta barrirantz doana.
Ana Murugarren nafarra dogu zuzendarien artean emakumezko bakarra eta 2014an egindako Tres mentiras filmagaz azalduko jaku zemendiaren 2an.
Edozelan be, Pedro Oleak 1972an egindako La casa sin fronteras lanagaz hasiko da zikloa, berak prentsaurrekoan autortu bezela eta garaiko epaimahai batek holan esanda, Berlingo Zinemaldiaren Urrezko Artza lortzekotan egon zan film luzeagaz, hain zuzen be.
Luis Marías gidoilari eta zuzendari bilbotarra da ekimenaren arimea. Komunikabideen aurrean honako berezitasuna zabaltzen dabil egunotan: Pelikulen ganeko eztabaidea atondu dogu proiekzino bakotxaren ostean, nik neuk gidatuta, bertan izango diran errealizadoreakaz batera, ganera, ikusleakaz hartu-emon zuzenean. Hori da, akaso, ekimen honek dauen ezaugarririk azpimarragarriena, publikoagaz interakzinoa protagonistakaz batera.
Euskal zinemagileei eurei eta Bilbo lan tresnatzat hartutako zuzendariei omenaldi txikia izango da zikloa, izan be, Bizkaiko uriburua erabat zinematografikoa ei da eta hainbat baliabide zein istorio buztartu izan dira berton, filma honeek guztiak lekuko.
Zikloaren aurkezpenean izan dira: Luis Marías Amondo, emonaldiaren koordinatzailea eta aurkezlea; Pedro Olea, La casa sin fronteras filmaren zuzendaria; Patxo Telleria, La máquina de pintar nubes zuzendarikidea; Ernesto del Río, Hotel y domicilio filmaren zuzendaria; Javier Robollo, Txarriboda filmaren zuzendarikidea; eta Ana Murugarren, Tres mentiras filmaren zuzendaria.
Bilbo Pantaila Handian egitaraua:
- Irailak 29: La casa sin fronteras (1972). Pedro Olea. 92m.
- Urriak 6: La muerte de Mikel (1984). Imanol Uribe. 88m.
- Urriak 13: Todo por la pasta (1991). Enrique Urbizu. 92m.
- Urriak 19: Hotel y domicilio (1995). Ernesto del Río. 99m.
- Urriak 27: La máquina de pintar nubes (2009). Patxo Telleria eta Aitor Mazo. 98m.
- Zemendiak 2: Tres mentiras (2014). Ana Murugarren. 98m.
- Zemendiak 3: Txarriboda (2015). Javier Rebollo eta Alvar Gordejuela. 93m.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!