'Printze Txikia', barikuan estreinauko da euskeraz

Bizkaie! 2016-09-08 08:49   Zinemea

Zineuskadik sustatzen dauen Zinema Euskaraz programeari esker, bihar, irailak 9, Printze Txikia filma zinema-aretoetara helduko da euskeraz.

Antoine de Saint-Exupéryren filmak neskatxa baten eta bere bizilagunaren arteko istorioa dakar; haren amak helduen munduan bizi daiten trebatzen dagoan neskatxearen eta bihotz oneko edadeko pilotu bitxia protagonista dituen kontakizuna. Pilotuak bere lagun barriari edozer gerta leitekeen aparteko mundua erakutsiko deutso. Printze Txikiari esker berak aspaldi ezagutu eban uniberso hori; holan hasiko da Printze Txikiaren unibersoan barruratuko dauen neskatxearen bidaia. Emozinoz betetako bidaia magikoa, umezarora itzuliko dauena, giza hartu-emonak garrantzitsuak dirala ulertzera eroango deutso. Bihotzak ongiaren bidea erakusten dauela ulertuko dau, izan be, begien bidez ikusezina bilakatzen da funtsezkoa dana.

Estreinaldia honako aretoetan egingo da: Bilbon, Multicines eta Alhondiga; Getxon, Zinemak; Durangon, Zugaza; Barakaldon, Yelmo Megapark; Gasteizen, Yelmo Boulevard eta Florida; Iruñean, La Morea; Donostian, Principe; eta Errenterian, Niessen.

Datozen asteetan, barriz, beste 42 herrietako zinema-aretoetara helduko da.

Zinema Euskaraz programeak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskerearen erabilerea komunikazio kultural lez erabili eta aisialdi arloan normalizazinoa bultzatuko dauen filma sorta jartea dau helburu. Printze Txikia aurten diruz laguntzen dan hamargarren filma da. Aurreko bederatziak Phantom Boy, Iparraldeko Norman, Egun handia, Oker, Tximinoen Erresuma, Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla, K2. Zeru ukitzen, Mustang eta Albert izan ziran.

Datozen egunetan, irailaren 30ean, Zikoinak filma estreinauko dabe. Nicholas Stollerek zuzendutako animazino filmak mundu mailako konpainia baten paketeak emoten dituen animalien kontakizuna dakar. Banatzailerik onena dan zikoina postuz igotekotan da eta umeak egiteko makina aktibau eta baimendu bako ume zoragarri bat egingo dau. Bere nagusia konturatu baino lehen paketea eroan nahi dau.

Urriaren 7an, Laban filma estreinauko da. Alicja Jaworskik, Alicia Björkek, Karin Nilssonek, Lasse Perssonek eta Per Åhlinek zuzendutako animazino filmak bere familiagaz Moringsun gazteluan bizi dan mamu txiki bereziaren istorioa dau erdigune. Film hau ikastetxeetako umeei zuzenduko jake eta ez da zinema-aretoetan estreinauko.

Azkenik, urriaren 14an, Ozzy helduko da zinema-aretoetara euskeraz. Alberto Rodriguezek zuzendutako animazino filma beagle arrazako txakur baten kontakizunean oinarritzen da. Bera jagoteaz arduratzen dan familiak Japoniara alde egin beharko dau eta, gauzak holan dirala, txakurren bainuetxe batean itxi beharko dabe euren maskotea. Ederra dirudien leku hori kartzela moduko bat izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu