'Gernika' filma Bilbon estreinau dabe

Bizkaie! 2016-09-07 16:44   Zinemea

Koldo Serra bilbotarraren Gernika filma datorren barikuan, hilaren 9an, izango da zinema-aretoetan.

Gernika Bilbon da barriro be. 2015eko maiatzean eta bagilean Bizkaiko uriburuan eta lurraldeko toki desbardinetan egindako filmaketa gogorraren ondoren, foru-uribilduaren bonbardaketea kontetan dauen filma Bilbon izan da barriro be aurrestreinaldirako. Goizean kazetarientzako emonaldiaren ostean, gaur, eguaztena, hilak 7, arratsaldeko 20:30ean, Guggenheim Bilbao Museoan izango da aurrestreinaldia. Bertan egongo dira protagonistak (María Valverde, James d’Arcy eta Bárbara Goenaga), baita Koldo Serra zuzendaria be. Ganera, talde artistiko eta teknikoko ordezkari ugari be egongo dira eta erakundeetako ordezkari asko be ez dira faltako, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendaria. Hori baino lehen, goiz partean, Bilboko Guggenheim Museoan izan dira komunikabideei azalpenak emoten María Valverde, Bárbara Goenaga, James d’Arcy aktoreak eta Koldo Serra zuzendaria.

Koldo Serra bilbotarrak zuzentzen dauen bigarren film luzea da Gernika, eta produkzino benetan handia da; drama erromantiko eta emozional bat kontetan da bertan, baina atzean Euskadiko historiaren jazoera tragikoenetako bat dauka, 1937. urtean foru-uribilduan izandako bonbardaketea, hain zuzen be. Filma grabaukeran miloe bi euroko eragina sortu da Euskadi osoan; aurre produkzino eta grabaketa faseetan zehar 750 enplegu sortu ziran eta sektore oso desbardinetako Bizkaiko enpresak kontratau zituen. Filmaren eszenak Bizkaiko hainbat lekutan filmau ziran, besteak beste, Bilbon, Gernikan, Gaztelugatxeko Donianen, Diman, Lekeition eta Barakaldon. Bizkaitik kanpo, Araba eta Gipuzkoako zenbait eremutan be filmau dabe.



Bilbao Bizkaia Film Commission erakundearen laguntzinoagaz egindako filmaketea

Gernika Euskadin filmeteak eta aurrestreinaldia Bilbon izateak Bilbao Bizkaia Film Commission erakundeak egindako lanari babes handia emoten deutso; ekimena Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dabe lurraldean mueta guztietako ikus-entzunezko proiektuak bultzatzeko, tokiko ikus-entzunezko sektoreak filmaketan lan egitea sustatzeko eta sorkuntza-industriaren barruan dagozan mueta honetako lanak garatu ahal izateko.

Bilbao Bizkaia Film Commission erakundeak egindako lanen artean arrakasta handia izan dauen lana da Gernika, filmaren grabazinoan eta produkzinoan 250 enpresek parte hartu ebelako eta inbersinoa miloe bi eurokoa izan zalako. Filmari esker, ganera, 125 enplegu sortu ziran zuzenean eta 625 zeharka. Horrezaz gan, 900 figurantek be parte hartu eben filmaketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu