Horizontes Latinos sailean 13 film aurten; Zinema Eraikitzen atalean, sei

Bizkaie! 2016-08-18 11:24   Zinemea

Latinoamerikagaz lotura handia daukie Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos eta Zinema Eraikitzen sailek.

'El rey del once' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraindino Espainian estreinau ez diran filmak batzen ditu Horizontes Latinos-ek. Aurten aukeratutako 13 pelikuletatik, erdiak protagonista izan dira aurreko urteetako Zinemaldietan: Lauk Zinema Eraikitzen atalean parte hartu eben eta Europa-Latinoamerika Foroan egon diran filmak be badagoz tartean.

Esaterako, Era o Hotel Cambridge Brasil, Frantzia eta Espainiaren arteko produkzinoak, Zinema Eraikitzen saileko Industria Saria irabazi eban igaz. Sao Pauloko etxe bat okupetan daben errefuxiatu batzuen istorioa da. Elianne Caffé da zuzendaria.

Alejandro Fernandez Almendrasen laugarren film luzea be Zinema Eraikitzen sailean izan zan eta aurten Horizontes Sarirako hautagai da. Aquí no ha pasado nada da lanaren izenburua. Autoagaz persona bat harrapatu izanaren susmagarri dan gazte bat da protagonista.

Rober Calzadillaren bigarren lan luzea, El Amparo, eta Pepa San Martinen lehenengo film luzea, Rara, dira Zinema Eraikitzen sailetik pasau eta aurten Horizontes Latinosera helduko diran beste pelikulak.

Horizontes Latinoserako aukeratu ditue, ganera, honeek filmak: Alba (Ana Cristina Barragan), El Cristo ciego (Christopher Murray), El rey del once (Daniel Burman), La idea de un lago (Milagros Mumenthaler), La larga noche de Francisco Sanctis (Francisco Márquez, Andrea Testa), La región salvaje (Amat Escalante), Santa y Andrés (Carlos Lechuga), Viejo Calavera (Kiro Russo) eta X quinientos (Juan Andrés Arango).

Film guztiak, bi kenduta herrialde bat baino gehiagoren arteko koprodukzinoak dira. Saileko film guztiek daukie Horizontes saria lortzeko aukerea. 35.000 euro jasoko ditu irabazleak, zuzendariak eta Espainiako banatzaileak jasoko dabena. Ganera, zuzendariaren lehen edo bigarren lana badira, Gazteriaren Eroski Saria lortzeko aukerea izango dabe Horizontes Latinos saileko filmek. Saria 300 ikasle gaztek osotutako epaimahai batek erabagiko dau.

 

Zinema  Eraikitzen

Zinema Eraikitzen sailak, beste alde batetik, 30. ekitaldia beteko dau. Latinoamerikako zinemagileakaz lotura handia daukan saila da. Horren lekuko, Zinema Eraikitzen-en egon eta gero Horizontes Latinos sailean parte hartzen daben proiektu piloa. Aurten parte hartzeko, 23 herrialdetako 121 egitasmo aurkeztu dira. Zinemaldiak sei aukeratu ditu.

El silencio del viento (Alvaro Aponte-Centeno), giza-trafikoari ekiten deutsan arrantzale baten istorioa da. Santiago Esteves argentinarraren La educación de rey, ostera, lehenengo delitua egin barri dauen nerabe baten ihesaldian kokatuta dago. Eta La familia (Gustavo Rondón Córdova), Caracas uriko aita-seme biren arteko hartu-emon gatxaren lekuko da.

Adrian Biniez uruguayarraren Las Olas, ume baten gorputzean sartutako heldu baten bizipenen istorioa da. Medea (Alexandra Latishev Salazar), umedun geratu dan neska gazte bati buruzko lana da. Amaitzeko, Jaime Osorio Márquez kolonbiarraren Un gran dragón, bizitzea aldatzen jakonean mutilazinoak egiten hasten dan lorazain baten ingurukoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu