Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallières eta Hong Sang-soo, Zinemaldiko Sail Ofizialean
2016-08-05 12:27 ZinemeaDonostiako Zinemaldiko arduradunek Sail Ofizialean lehiatuko diran zazpi pelikularen barri emon dabe. Eskarmentu handiko zuzendariak zein lehenengo film luzea dakarrenak dagoz tartean.
Irailaren 16tik 24ra bitartean, nazinoarteko zuzendari ospetsuak izango dira Donostian, Zinemaldiko 64. ekitaldiko Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Bertrand Bonello (Nocturama), Fernando Guzzoni (Jesús), Johannes Nyholm (Jätten), William Oldroyd (Lady Macbeth), Arnaud des Pallières (Orpheline), Miles Joris-Peyrafitte (As You Are) eta Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot) izango dira horreetako batzuk.
Jorratzen dauen gaiagaitik, jakinmin handia sortu dau Bonelloren Nocturama filmak. Parisko leku ezagun batzuetan jantzan hasten dira nerabe batzuk eta horrek ezinegona sortuko dau. Horixe da istorioaren abiapuntua. Nazinoarteko makina bat sari jasotakoa da Bonello eta lehenengoz izango da Donostiako Sail Ofizialean.
Arnaud des Pallières be lehenengoz izango da Zinemaldiko lehiaketan. Lau emakumeren lau momentu dira Orphelineren ardatza. Bakotxak bere bizipenak ditu, batzuk gazteak dira, beste batzuk zaharrak.
Fernando Guzzoni txiletarrari Zuzendari Berriak saria emon eutsien 2012an eta aurten Donostiara bueltauko da, Jesus filmagaz. Aita-seme batzuen historia kontatuz, Txileko gizarteko belaunaldi biren erretratua egiten dau Buzzonik filmean.
Koreatik dator, ostera, Hong Sang-Soo. Dangsinjasingwa dangsinui geot filma dakar Zinemaldira, eztabaida baten ostean bikote batek daukazan gorabeherak kontetan dituan istorioa. Aurreko filmei esker, munduko sariketa garrantzitsuenetan aitamenak lortutakoa da Hong Sang-Soo.
Eskarmentu handiko zuzendariak dira Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallières eta Hong Sang-soo. Eurakaz batera, lehenengo film luzea zuzendu daben beste hiru zuzendari Sail Ofizialean izango dirala aurreratu dau Zinemaldiak.
Batetik, Johannes Nyholm suediarraren Jätten dago, malformazinoak daukazan gizon baten historia. Nyholm bera arduratu da gidoia idazteaz eta filma zuzentzeaz koprodukzino suediar-danimarkar honetan.
William Oldroyd be hasibarria da film luzeetan, baina laburretan hainbat sari garrantzitsu lortutakoa da, Sundancen adibidez. Lady Macbeth, 1865ean kokatutako filma dakar Donostiara, bere senargaia ez dan beste gizon bategaz maitemindu dan neska baten historia.
Azkenik, Miles Joris-Peyrafitte aktore eta zuzendari gaztearen As you are be aukeratu dabe Sail Ofizialerako. Polizia ikerketa baten bidez, nerabe biren eta ikaskide baten arteko hartu-emona aztertzen dau 23 urteko Miles-Peyrafittek.
Iragarritako beste zazpi film honeekaz, beraz, aurtengo Sal Ofizialean izango diran 15 lanen barri emon dau Zinemaldiak dagoeneko. Oliver Stone, Juan Antonio Bayona, Ewan McGregor eta abar dagoz aukeratutako pelikulen zuzendarien artean. Hurrengo egunetan Sail Ofizialeko titulu gehiagoren barri emongo dabela ziurtatu dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!