Laja eta Landakandaren lau disko barriro argitaratu ditu Elkarrek
2016-05-16 10:03 MusikeaIZ diskoetxe historikoaren lanak diskoak berreskuratzeko proiektuaren barruan, Laja eta Landakandak 1976 eta 1994 urteen artean plazaratutako lau disko berrargitaratu ditu Elkarrek.
1970eko hamarkadan sortu zanetik, IZ diskoetxeak euskal musikari eta kantarien ehundazak disko argitaratu zituan, 20. mendearen amaierako euskal musikearen erreferentzietako bat izateraino. Elkar argitaletxeak IZren katalogoko lan nabarmen batzuk barriro publikoaren eskura ipinteko proiektuari ekin deutso eta, oraingoan, Laja eta Landakandaren trikiti doinuak aukeratu ditue.
Lajak eta Landakandak 1976an plazaratu eben lehenengo diskoa IZgaz, Laja eta Landakanda izenekoa. Ondoren, Laja eta Landakanda: Trikitixa izenburuduna heldu zan, 1981ean. Hirugarrena, 1986an, Pepe Yanciren omenez izan zan. Amaitzeko, 1994an, Gure oroitgarri izeneko lana plazaratu eben. Lau diskoak zaleen esku ipini ditu Elkarrek.
IZren ondarea berreskuratu, txukundu eta barriro argitaratzeko bideak luzerako joko dauela onartu dau Elkarrek. Halandabe, diskoetxe historiko harek itxitako ondarea ez galtzeko zeregin hori beharrezkoa dala uste dau Elkarrek. Laja eta Landakandaren kasuan, trikiti zaleen gogoan betiko geratuko dan bikotea dala azpimarratu dau argitaletxeak.
Behin Laja eta Landakandaren lau diskoak plazaratuta, ekimenagaz aurrera segidu nahi dau Elkarrek. Aurreikusi dauenez, Imanol Larzabalen lan batzuk berrargitaratzea izango da hurrengo pausua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!