Benito Lertxundik 2016ko Adarra saria jasoko dau
2016-05-12 09:15 MusikeaDonostiako Udalak Orioko kantariaren ibilbide luze eta oparoa gogoan hartuko dau sari horregaz, eta kantutegi tradizionala berreskuratzeko egin dauen ahalegina.
Bagilaren 21ean emongo deutsie Adarra saria Benito Lertxundiri, Victoria Eugenia antzokian egingo dan ekitaldian. Bertan, ganera, kontzertua emongo dau oriotarrak. 1960ko hamarkadan kantuan hasi zanetik, Lertxundik euskal musikan egin dauen ibilbide luze eta nabarmena gogoan hartu nahi dau Donostiako Udalak.
Arrazoi ugari aitatu ditu Donostia Kultura erakundeak Benito Lertxundiri 2016ko Adarra saria emoteko. Alde batetik, kanta herrikoiak berreskuratu, moldatu eta gizarteratzeko egin dauen ahalegina. Lertxundik herri ondareari egindako ekarpen zabala azpimarratu dabe sariaren antolatzaileek. Bestetik, abestien konposizinoan be lan ona egin dauela uste dabe.
Benito Lertxundi 1960ko hamarkadan hasi zan kontzertuak emoten eta gaur egun zeregin horretan segiduten dau. Makina bat disko plazaratu ditu. Horregaitik, Donostiako Udalak nabarmendu dau, ibilbide luzea egin dauela eta egoera kultural eta garai ugaritan ibili dala lanean.
Saria bagilaren 21ean, Musikearen Nazinoarteko Egunean, egingo dan ekitadian emongo deutsie, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Marijose Rekalde artisteak egindako oroigarria emongo deutsie. Ganera, kontzertua emongo dau Lertxundik berak eta musikari eta abeslari ugari izango ditu alboan: Angel Unzu, Olatz Zugasti, Amaiur Cajaraville, Pello Ramirez, Juantxo Zeberio, Gurutz Bikuña eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!