Arantza Iturbe, Mikel Fernandino eta Imanol Ituiño nagusi Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko XIII. Gidoi Lehiaketan
2016-02-01 09:28 KultureaArantxa Iturbe, euskerazko atalean, eta Mikel Fernandino eta Imanol Ituiño (ex aequo), gaztelaniazkoan, izan dira irabazle XIII Café Bar Bilbao Teatro Gidoi Lehiaketan. Sarion helburua gidoigintza eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da eta Plaza Barriko Café Bar Bilbao taberneak antolatzen ditu, Tartean Teatroa antzerki- konpainiaren laguntzinoagaz.
Arantxa Iturbe, euskerazko atalean, eta Mikel Fernandino eta Imanol Ituiño (ex aequo), gaztelaniazkoan, izan dira irabazle XIII Café Bar Bilbao Teatro Gidoi Lehiaketan. Sarion helburua gidoigintza eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea da eta Plaza Barriko Café Bar Bilbao taberneak antolatzen ditu, Tartean Teatroa antzerki- konpainiaren laguntzinoagaz.
Euskerazko ataleko lanak Lagunik onena dau izenburu eta ondoko egoerea planteetan dau: bi emakumezko ezezagun, telefonoz berbetan, itxaron-gela batean dagoz. Biek telefono bat baino gehiago ditue esku artean. Batek, behartuta. Besteak, telefonoa libre nahi dauelako espero dauen deia helduko jakon esperantzeagaz.
Egilea Euskadi Irratiko Arantxa Iturbe kazetari ezaguna da. Alegian (Gipuzkoa) jaioa, Arratsaldeean irrati-saioa gidatzen dau, kultur informatiboa zuzentzeaz gan, eta lanez kanpoko orduak idazten joaten jakoz. Literaturan, hainbat genero jorratu ditu eta antzerkirako berba dezente idatzi ditu. 1999an kaleratu eban Ai ama! (Alberdania), amatasuna desmitifikatuz bere bizipenetan oinarritutako narrazinoa. Arrakasta handia izan eban eta Agurtzane Itxaurragagaz batera, antzerkirako egokitzapena idatzi eban ondoren. Hika taldeak estreinau eta gero, Max saria irabazi eban.
Mikel Fernandinoren Un pequeño paso para el hombre Google Ondorengo 9075. urtean kokatzen da. Leherketa nuklear baten ondorioz, Lurra guztiz suntsiturik dago eta lurtar batzuk Silosenovengo planetara heldu dira. Bertan, iraganeko tabernetan dagozan zabor-arrastoak artetzat hartzen ditue eta areto horreek museo-liburutegi bihurtu dira. Zientziaren erlatibidadea azken punturaino eroaten saiatu naz. Gure ondorengoek, zeozer ikertzekotan, ondokoa: itxiko deutseguzan kiloka zabor, eta biziki maiteko dabe, azaldu dau egileak.
Lanbidez antropologoa, Colectivo Literario Gilles de Rai-eko kofundatzailea eta Antes todo esto era campo aldizkariaren editorea da Mikel Fernandino sortzaile donostiarra. Ganera, El Pezpsiquiatra musika taldekidea da. Igaz, Amor breve en un acto vandálico obreagaz Pabilioi 6 aretoak antolatzen dituan Antzerki Arinaren III. Jardunaldietan Alex Angulo saria eta publikoaren saria irabazi zituan. Zezeilaren 25ean, Anodino Teatroa konpainiak Zerura Eroria bere azken antzezlana estreinauko dau Leioan.
Ramper lana Ramón Álvarez Escuderoren benetako istorioan oinarrituta dago. XX. mendearen hasieran Espainiak izan eban pailazorik handiena izan zan, nahiz eta gaur egun gitxik gogoratu. Aktore bakar batek Ramonen eta bere alter ego dan Ramperen papelak egiten ditu. Ramon edarizale eta erretzailea dan eta bizitzaz nazkatuta dagoan gizon serioa da, eta Ramper, ostera, ironikoa, barregarria, bizkorra eta alaia. Publikoak garaiko izarrari alkarrizketa bat egitera doazen kazetari talde baten papela hartuko dau. Artisteak taula gainean sentiduten dauen porrotari bildurraz berba egin nahi neban. Hau dana garai gogor batean, Gerra Zibilaren aurretik, bitartean eta ondoren. Ramper, Raquel Meller-en babespean eta bilbotar bategaz ezkondua, garaiko zirkuaren figura ukaezina izan zan, adierazo dau Imanol Ituiñok (Bilbao, 1989).
Lanbidez magoa, Ituiño Bilboko magoen historiaren inguruko Ilusión dokumentalaren egilea da. Ikusentzunezko Komunikazinoa ikasi eban Leioan eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan kolaboretan dau, ilusionismoaren munduko pasadizoak kontetan, eguaztenerao.
Edizino honetara gaztelaniazko 35 lan eta euskerazko 12 aurkeztu dira. Idazle sarituek 1.200 euro jasoko ditue, eta lanak liburu batean eta Café Bar Bilbaoren eta Tartean Teatroren webguneetan argitaratuko dira. Bi enpresok saritutako lanen muntaketea eta taularatzea bultzatuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!