Emily Watsonek jasoko dau 63. Donostia Zinemaldiko Donostia Saria

Bizkaie! 2015-09-04 16:06   Zinemea

Emily Watson aktore britainiarrak jasoko dau 63. Zinemaldiko Donostia Saria, bere ibilbide emokor eta aberatsagaitik. Watsonek saria irailaren 25ean Kursaal Auditoriumean ospatuko dan galan jasoko dau.

Emily Watson aktore britainiarrak jasoko dau 63. Zinemaldiko Donostia Saria, bere ibilbide emokor eta aberatsagaitik. Watsonek saria irailaren 25ean Kursaal Auditoriumean ospatuko dan galan jasoko dau.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak 63. edizinoaren aurkezpen ofizialean egin dau sariaren iragarpena, eta Donostia Sari bakarra izango dala adierazo dau.

Islingtonen (Erresuma Batua) jaioa, Emily Watsonek Drama Studio London eskola entzutetsuan ikasi eban antzezpena, unibersidade ikasketak amaitutakoan. Antzerkian hasi eban bere ibilbide profesionala, Lilian Hellmannen The Children’s Hour, Txekhoven Hiru ahizpak eta Ibsenen Itsasoko andrea obretan, besteak beste, eta Royal Shakespeare Companyn, The taming of the shrew (Piztiaren heziketa) eta All’s well that ends well (Ondo dago ondo amaitzen dana) obretan.

Debut zinematografikoak ospetsu bihurtu eban goizetik gauera: Lars von Trieren Breaking the Waves (1996) filman Bess McNeill personaiaren rola jokatu eban, eta antzezpen horrek ezin konta ahala sari ekarri eutsozan, besteak beste, Los Ángeleseko, Londreseko eta New Yorkeko Idazleen Zirkuluenak, AEBetako Zinema Kritikarien Alkarte Nazionalarena, eta Oscar sarirako eta Urrezko Globorako izendapenak. Handik bi urtera, azken bi sari horreetarako izentau eben barriro, Hilary and Jackie filman Jacqueline du Pré biolontxelo-jotzailea antzezten egindako lanagaitik.

Handik aurrera, bere ibilbide miragarriak gaur egungo zinemagile onenetako batzuen filmetan lan egiteko aukerea emon deutso: Robert Altmanen Gosford Park (2001), Paul Thomas Andersonen Punch Drunk Love (2002), Tim Burtonen The Corpse Bride (Andregai hilotza, 2005), John Hillcoaten The Proposition (2005), Charlie Kaufmanen Synecdoche, New York (2008), Alan Parkeren Angela’s Ashes (1999) -BAFTA sarietarako izendapen bat lortu eban lan horri esker-, Tim Robbinsen Cradle Will Rock (1999), Jim Sheridanen The Boxer (1997), Steven Spielbergen War Horse (Gerra zaldia, 2011) eta Joe Wrighten Anna Karenina (2011).

Zineman egin dituan lanen artean, aitatzekoak dira Brett Ratneren Red Dragon (2002), Stephen Hopkinsen The Life and Death of Peter Sellers (2004) -antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Urrezko Globorako izentaua izan zan film horregaitik-, Chris Noonanen Miss Potter (2006), Sophie Barthesen Cold Souls (2009), Dennis Leeren Fireflies in the Garden (2008), Brian Percivalen The Book Thief (2013), eta James Marshen The Theory of Everything (2014).

Appropriate Adult (2011) telesailean be parte hartu dau, bai eta Urrezko Globorako izentapena eta emakumezko aktore onenaren BAFTA irabazi be. The Politician’s Husband (2013), The Secret Life of Marilyn Monroe (2015) eta A Song for Jenny (2015) telesailetan be lan egin dau.

2002an, antzerkira itzuli zan, eta Sam Mendesek zuzenduriko bi obratan lan egin eban: Shakespeareren Twelfth night (Hamabigarren gaua) eta Txekhoven Osaba Vanya. Azken horretan eginiko antzezpenagaitik Olivier sarirako izentau eben.

Emily Watsonek bere ibilbidean zehar jaso dituan sarien artean nabarmentzekoak dira British Independent Film Award, Hilary and Jackie filman egindako lanagaitik, eta European Film Award, Breaking the Waves filmagaitik.

2015ean, Britainiar Inperioko Ordenako Ofizial izentau eben, antzezpenaren arteari eskainitako zerbitzuakaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu