Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VI. liburukia aurkeztu dabe Gasteizen
2015-02-27 15:32 kulturbizGasteizen, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VI. liburukia aurkeztu dau Euskaltzaindiak. Aurrekoak lez, EHHAren liburuki barria Laboral Kutxaren babesagaz argitaratu dau Akademiak. Seigarren liburukiak aditz morfologia lantzen dau eta gehien erabilten diran aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu. Liburuagaz batera, edukia PDF formatuan jasoten dauen CD-ROM bat kaleratu dabe.
Zezeilaren 27an, Gasteizen, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VI. liburukia aurkeztu dau Euskaltzaindiak. Aurrekoak lez, EHHAren liburuki barria Laboral Kutxaren babesagaz argitaratu dau Akademiak. Seigarren liburukiak aditz morfologia lantzen dau eta gehien erabilten diran aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu. Liburuagaz batera, edukia PDF formatuan jasoten dauen CD-ROM bat kaleratu dabe.
Aurkezpena honako honeek egin dabe: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Xabier Egibar Euskadiko Kutxako Negozio Garapenaren Areako zuzendariak; Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak. Aurreko bost liburukiak aurkeztean egin eben lez, EHHA egitasmoaren emoitzak jentearen eskura jarteak dauen garrantzia azpimarratu dabe. Holan azpimarratu dau Andres Urrutiak: Aurrera goaz ze honelako egitasmo bat bene-benetan egitasmo nazionala da Euskal Herri honentzat. Atlasak euskerearen kolore eta soinu guztiak hartzen ditu, danok gagoz ordezkaturik Atlas honetan.
Ganerako hizlariak be pozik agertu dira. Xabier Egibarren esanetan, Atlasa ezinbesteko proiektua da euskerearentzat. Eskerrak emon deutseez proiektuan parte hartzen eta hartu daben guztiei eta gogoan izan dau Jean Haritschelar zana, EHHAren lehen zuzendari akademikoa izan zana.
Adolfo Arejitaren berbetan, altxor aberats batek, ugaria izanagaitik, baldin ez bada ondo sailkatzen eta erabilgarri jarten, armiarma eta hauts artean estalita geratzeko arriskua dau. Euskaltzaindiak ahalegin handi bat egin dau, gure herri erakundeen babesari esker, ondare hori gizartearen zerbitzutan jarteko. Gaur aurkezten dogun VI. liburukia da horren adierazgarri ona. Euskaltzaindiaren webgunean, papelezko euskarri astun honetan baina erosoago konsultau ahal izango dozuena. Soinuen bersinoa be badau, apurka-apurka entzungarri jarten goazena.
2010ean kaleratu zan lehen liburukia
2010eko apirilean, EHHAren I. eta II. liburukiak aurkeztu ziran. Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, ondoko gaiei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziran esparruak hiru dira: denpora kronologikoa, topografia eta landaretzearen lehen atala. Denporearenean, esaterako: astearen egunak, hileak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakotxaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denpora-unidadeak bere.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizinoko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziran: batetik, lurra, euskal gizakia bizi dan lurra; lur horretan erne diran bedar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez emoten dituan uztak; eta bestetik, euskal gizakiagaz belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diran animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari batu eta landu ziran, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Holan, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txarriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu eban eta parterik handiena deklinabideak hartu eban.
Taldea
1984an abian jarri zan egitasmo honen buruak ondokoak izan dira: Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, gaur egungo zuzendaria dana.
Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Aritz Abaroa, Gorka Intxaurbe eta Amaia Jauregizar dira teknikariak.
Horreez gan, inkestak egiten eta transkribiduten, mapak lantzen eta informatizatze lanetan ondokoak ibili dira urte honeetan guztietan: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Jon Irigoras, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde eta Koro Segurola.
Kontsultak
EHHAren emoitzak bi modutan konsultau daitekez: soinuzko datuen konsultearen bidez eta datu transkribatuen konsultearen bidez.
- Soinuzko datuen konsultea. Azkue Bibliotekan ikertzaileen esku dira CD-ROMak (4.000 ordu baino gehiago dabenak).
- Datu transkribatuen konsultea. Konsulta hau nork bere etxean egin leike bi molde desbardinetan: liburu batean edo CD-ROM batean. Liburuan irakurleak galdera bakotxeko erantzunak topauko ditu, fonetikoki idatziak eta herrialdeka eta herrika zerrendetan aurkeztuak, ondoan jagoken interpretazino kartografiko bat daukiela.
Gero, liburuagaz batera zabaltzen dan CD-ROMean topauko ditu, batetik, papelezko argitalpenaren datuak, eta bestetik, ezin sartu izandako bestelako informazino guztia be, hizkuntzazkoa edo etnolinguistikoa.
Bestalde, sarean be badagoz lehenengo lau liburukien edukiak.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Arrazoi betea du Arejitak gauzak alferrik gordetze horrekin.
Ea noiz aplikatzen dion kontua bere buruari, eta ea noiz hasten den Labayrun urtez urte eta hamarkadaz hamarkada pilatu dituzten materialak, \"ea noiz lortzen dugun diru-laguntzea argitaratzeko\" politika baztertuta.