'XIII. Matematikak eguneroko bizitzan' zikloa eguenean hasiko da Bilbon

Bizkaie! 2016-04-05 15:50   kulturbiz

Bidebarrieta Kulturguneak, Matematikak eguneroko bizitzan programearen hamahirugarren edizinoa jasoko dau apirileko eguen guztietan, matematikak eta euren errealidadea gizarte osora hurreratzeko topaketen bitartez. Programatutako lau berbaldiak, ibilbide luzeko eta zirkulu zientifikoetan ospe handiko matematikariek emongo ditue.

Bidebarrieta Kulturguneak, Matematikak eguneroko bizitzan programearen hamahirugarren edizinoa jasoko dau apirileko eguen guztietan, matematikak eta euren errealidadea gizarte osora hurreratzeko topaketen bitartez. Programatutako lau berbaldiak, ibilbide luzeko eta zirkulu zientifikoetan ospe handiko matematikariek emongo ditue.

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte (aretora ezingo da sartu ekitaldia hasi ondoren). Aurreko edizinoetan izandako ikus-entzule kopuru handia gogoan hartuta, berbaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.net webgunean, streaming bidez.

Lehenengo berbaldia Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más datorren eguenean, apirilaren 7an, eskainiko dau Javier Duoandikoetxeak, Madrilgo Unibersidade Autonomoan doktore eta UPV/EHUko Analisi Matematiko katedradunak. Hogeita hamar ikerketa artikulu baino gehiago idazteaz gan, dibulgazinoagaz, historiagaz eta hezkuntzeagaz lotutako hainbat lan be argitaratu ditu. Joan dan urtarriletik La Gaceta de la Real Sociedad Matemática Española izenekoaren zuzendarietako bat da.

Lehenengo berbaldia matematikek teknologia modernoaren hainbat alderditan daben parte-hartzean oinarrituko da. Irudi digitalak zenbakiek emoten ditue, eta horreek gordeteko, transmitiduteko, aldatzeko... metodo matematikoak erabilten dira. Sartzerik ez dagoan lekuetan irudiak lortzeko teknikek be, matematikek oso leku garrantzitsua beteten daben prozedurak erabilten ditue; leku horreen artean gorputz bizien edo objektuen barrualdeak dagoz.

Apirilaren 14ko protagonistea, barriz, Marta Casanellas Universitat Politècnica de Catalunyako irakaslea izango da. Bere ikerketa ildo nagusia aljebrako eta geometriako teknikek filogenetikan daben erabileran oinarritzen da. 30 artikulu baino gehiago idatzi ditu, eta 2014tik European Mathematical Society izenekoaren Women batzordeko kide da. Berbaldian, matematikek espezieen eboluzinoan bete daben lekua azalduko dau, eta zehatzago esanez, espezieen eboluzino prozesua berreregiteko arazoari ekiteko orduan teknika matematikoen erabilerea azalduko dau.

Programazinoak apirilaren 21ean jarraituko dau, Alan Turing (London, 1912- Wilmslow, Erresuma Batua, 1954) matematikari eta informatikearen jeinu britainiarraren biziteari eta lanari buruzko saioagaz. Konputazinoaren munduak emon dauen personaiarik adituenetakoa da.

Alan Turing XX. mendeko zientzialari bikaina izan zan, ezelako duda barik, eta bere lanak gaur eguneko informatikearen oinarriak finkatu zituan. Turing oso personaia erabagigarria izan zan Bigarren Mundu Gerran, izan be, haren lan kriptografikoak gatazkearen amaierea azkartu eban, Alemanen komunikazinoak irakurtea lortu ebalako. Turingen bizitea oso gogorra izan zan, homosexuala zanez jazarpena eta zigorra jaso zitualako, eta bizitearen amaierea be oso tragikoa, bere buruaz beste egin ebalako, pozoituta.

Berbaldia, Ikerketa Zientifikoetako Goi Kontseiluko Matematika saileko Manuel de Leónek emongo dau. Hizlariaren ikerketa lana Geometria Diferentzialean eta alor horrek Mekanikan dituan aplikazinoetan oinarritu da. 200 artikulu baino gehiago eta lau monografia argitaratu ditu. Dibulgazino lan garrantzitsua be egin dau, eta bost liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu alor horretan.

Aurtengo edizinoa apirilaren 28an amaituko da, Ikerbasqueko Urtzi Ayesta ikerlariak eskainiko dauen Sareek eta komunikazinoek mundua zelan eraldatu daben ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera izenburuko berbaldiagaz. Euskeraz eskainiko dan azken saio horrek, telegrafo elektrikotik edo telefonotik Internetera edo Facebook edo Twitter lako sare sozial ezagunetara izandako garapena posible egin daben lorpen matematikoak aztertuko ditu.

Matematikak eguneroko bizitzan programea Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultadeak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dabe alkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu