Magoen eta eskapisten topaleku izango dira Bilboko Txurdinaga eta Otxarkoaga maiatzean
2016-05-02 14:03 kulturbizHogei mago, prestidigitadore eta eskapista inguruk parte hartuko dabe Bilboko 12. Magia Topaketetan, maiatzaren 5etik 29ra. Era berean, Euskadiko eta Munduko Izarren Galea eta zaleentzako lehiaketea eratu ditue. Ekitaldi guztiak 3. barrutian izango dira, hau da, Txurdinagan eta Otxarkoagan. Izan be, bertako merkatari alkarteak dira antolatzaile, Bilboko Udalagaz batera.
Hogei mago, prestidigitadore eta eskapista inguruk parte hartuko dabe Bilboko 12. Magia Topaketetan, maiatzaren 5etik 29ra. Era berean, Euskadiko eta Munduko izarren Galea eta zaleentzako lehiaketea eratu ditue. Ekitaldi guztiak 3. barrutian izango dira, hau da, Txurdinagan eta Otxarkoagan. Izan be, bertako merkatari alkartea da antolatzaile, Bilboko Udalagaz batera.
Nekane Alonso zinegotziak azaldu dauanez, aurtengo programazinoan orekea bilatu dabe: Bertoko magoen eta kanpokoen saioak tartekatzen ahalegindu gara. Santander uriagaz egindako hitzarmenari esker, hango mago batzuk etorriko dira, baita nazinoartean ospea lortu daben izarrak be.
Euskal Herriko mago gazteek be parte hartuko dabe topaketan. Izan be, Asier Kidam magoak dinoanez, hemen maila handia dago. Ni atzerrian bizi izan naz eta kanpoan be mago bikainak dagoz, jakina; baina Euskal Herriko bataz-besteko mailea ona da. Kidam bera be Otxarkoagan izango da maiatzean, Mr White eta Alakazam ikuskizuna aurkezten.
Ingelesa eta euskerea buztartzen dituan ikuskizuna da Mr White eta Alakazam. Asier Kidamek azaldu dauanez, Mr White izeneko personaia bategaz egiten dau saioa. Astialdian euskerea eta ingelesa sartzeko modu aproposa dala uste dau Kidamek: Euskeraz edo ingelesez ondo dakian jenteak be disfrutau leike, oso truko bisualak diralako.
Otxarkoaga eta Txurdinagako Magia Topaketetan euskerea lekua hartzen dagoala dino Kidamek. Bereaz gan, beste ikuskizun asko be mago euskaldunenak izango dira: Madiber, Eriz Magoa, Marsel eta abar egongo dira aurtengo edizinoan.
Berbaldi bategaz hasiko da egitaraua, maiatzaren 5ean. Iurgi Sarasak magiaren historiaz egingo dau berba. Maiatzaren 29ra arte, Otxarkoagako eta Txurdinagako hainbat lekutan egongo dira magia saioak: Udaltegian, liburutegian, Garaiko plazako lorategietan, Ugarte plazan, Julian Gayarre etorbidean...
Era askotako ikuskizunak izango dira. Harrigarrienetako bat Mago Sun-ena izango da, hilaren 29an Garaiko lorategietan. Uretan hondoratuko dabe magoa, eskuak lotuta daukazala, eta eskapismoaren teknikak erabiliz askatu beharko dau bere burua. Ismael Civiac fakirraren saioa eta Jon Zabalen Basado en hechos reales ikuskizun barria be nabarmendu ditue antolatzaileek.
Beste alde batetik, Euskadiko eta Munduko Izarren Gala Handia egingo dabe maiatzaren 20an Otxarkoagan. Bertan izango da, besteak beste, Enric Magoo. Suitzan egindako lehiaketan, magia komikoaren atalean, munduko txapeldun izentau eben.
Magia amateurreko lehiaketea hirugarrenez antolatu dabe aurten, atara eizu barruan daukazun magia lelopean. Parte hartu nahi daben zale guztiek izena emon leikee (hemen), maiatzaren 15era arte. Bideoan grabautako euren truko bi bialdu beharko ditue izena emotean eta onenak maiatzaren 25eko finalean egongo dira. Hiru sari emongo ditue.
Magia Topaketen egitaraua, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!